Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Amatiño / Erregai-ekoizpenaren krisialdi europarra

Erregai-ekoizpenaren krisialdi europarra

Amatiño 2012/01/27 23:00
Aldaketa-garaiaz ez ezik, garai-aldaketaz ari ote garen konturatzeko ez dago Europako petrolio-birfindegien sektoreak bizi dituen larrialdiez jabetu baino. Europako birfindegi independienterik handiena den Petroplus konpainia suitzarrak atzo bertan aditzera eman zuenez, bere bost birfindegiak lehenbailehen itxiko omen ditu “ahalik eta baliorik gutxien gal dezaten”.

Petroplusek bost birfindegi ditu, Cressier (Suitza), Anvers (Belgika) Petit-Couronne (Frantzia), Coryton (Erresuma Batua) eta Ingolstadt (Alemania) hirietan. Oro har, 667.000 upel bezainbateko ekoizpena egunero eta,  guztira, 2.575 langile. Aurrenengo birfindegi biak abenduan itxi zituen, hirugarrena salgai jarri eta ondoko biak berehalakoan itxiko omen ditu, kaudimenik ezaz, 1.342 milioi euroren zorrari erantzun ezinaren ezinez.

Maldan beherako egoera honen berri estreinako jakinerazi zen aurreko abenduan,  banketxeek 1.000 milioi euro besteko kreditoa ukatu ziotenean Petroplusi. Hamabi dira suitzar petrolio-konpainiaren hartzekodunak eta, nonbait, enpresa ez da gauza izan banketxeek eskatzen zizkioten bermeak segurtatzeko.

Merkatu-adituen azalpenei jaramonik egingo badiegu, hiru egoera larri elkartu bide dira Europako birfindegi-talde independienterik handienaren gainbeherakada eragiteko orduan. Batetik, esan bezala, Europak bizi duen krisialdiak erakarritako kreditorik eza, hori bai. Baina bestetik, horrez gainera edo, hobeto esan, aldez aurretik, egungo erregai-ekoizpenaren marjinarik eza eta erregai-kontsumoaren murrizketa nabarmena europar gizartearen baitan.

Hala ere, ezin esan gero hau guztia Europa zaharraren malura baino ez denik. Ipar Ameriketan ere ixtekotan da Saint Croix (Virgin Islands) birfindegia, azken hiru urteotan mila eta hirurehun milioi dolar galdu ostean. Han ere, hemen bezala, kreditorik, marjinarik eta kontsumorik ezak dira arrazoietakoak baina bada beste laugarren bat ere: suspertzen ari diren herrialde hasiberrien eskaintza merkeagoa, lehiakorragoa alegia.

Petroplus

Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hiru ken lau (idatzi zenbakiz) ?
Erantzuna: