Errealitatetik fantasiara
Apenas (Karlos Linazaroso, 2012) “errealitatetik fikzioa sortzen duen egunkaria poetikoa” omen da eta egileak ahalik eta azkarren argitu behar izan du bere azken emaitza hau, ohikoa ez izan arren, ez dela “bigarren mailako”. Beharrezko ñabardura, nonbait, gurean askotxo baitira fikzioa lehen mailakotzat jotzen dutenak eta fikziorik eza, aldiz, erdipurdikoa.
Errealitatetik abiatu, irudimenari ekin eta aldez aurretiko bahe estu-mesturik gabe fantasiari amain emandako lehen “saiakera” maisuki gainditu du Linazasorok, umore ugariz, gogoeta larriz eta surrealismo-aldarriz. Bai, segurutik idazleak eroso asko gaindu du etsamina. Ez dakit, ordea, irakurle arruntok horren samur egingo ote dugun. Jaio ginen, bizi gara, ez dugu ezer eskatzen,
Eraz, nago hainbat pasarte ez ote zaizkion makinatxo bat irakurleri ilun samar gertatuko; eta, moldez, beldur naiz data-multzorik gehiena ez ote dagoen sobera. Garden bide dago zein erritmotan burutu dituen egileak sei hilabetean zehar bere eguneroko hausnarrak. Apenas dago garbi, ordea, zein trantzetan irakurri beharko ote dituen irakurleak.
Ni egunkari-zuzendari banintz gaur bertan egingo nioke Karlosi egunero horrelako gogoetak idazteko proposamena. Baita, ahal baneza, inoiz hutsik gabe egunero irakurri ere. Benetan uste dut edozein egunkariri balio erantsia eskaini liezaiokeen “artefakto” baliotsuaren aurrean gaudela. Hala ere, aldi berean susmoa dut, ordea, ez dudala liburua osoa sekula irakurriko, komuneko arasaren batean edo uzten ez baldin badut behintzat.
The medium is the message. 1970eko hamarkadan albisteak eman ohi genituen liburuetan eta eleberri-atalak aldizkarietan argitaratu. Berrogei urte geroago, ez dakit ba nik liburua aproposena ote den inoren eguneroko gogoetak azaltzeko edo errenkadan irakurtzeko gogorik eta astirik ote dugun, Linazasorok zinera joateko denborarik ez duen arrazoi berberagatik.
Zein arrazoi azaldu beharra al dago?