Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Amatiño / Errealitateak fikzioa gainditzen du

Errealitateak fikzioa gainditzen du

Amatiño 2024/09/23 16:10
Kazetaritzaren lan-eremuan topikoa da errealitateak fikzioa gainditzen duela. Donostiako 72. Zinemaldiak filmak pantailatzeari ekin bezain laster, horra eredu nabarmen bi: “Ainda estou aquí” eta “Soy Nevenka”.

Perlak sailaren baitan, "Ainda estou aqui" (Veneziako Urrezko Osella saria gidoirik onenari) film brasildarra dago oinarritua Marcelo Rubens Paiva idazleak 2015 urtean izenburu berberaz argitara emandako liburuan, non bere familiak Brasilgo diktadura-garaian (1964-1985) jasandako jazarpena kontatzen duen.

Rubens Paiva, ingeniaria eta Alderdi Laboristaren diputatua, bost seme-alabaren aita, atxilotua, torturatua, eraila eta desagertutzat emana izan zen 1971n. Aldi berean atxilotuak ere haren emaztea, Eunice, eta Eliana, hamabost urteko alaba, zenbait egun geroago libre utzi zituzten arren.

Filmak biltzen du --era klasiko, zuzen, lineal eta egiunezkoan-- bat-batean polizia etxera etorri, aita eraman eta, ezustean, noraezean gelditzen den familia arrunt eta zoriontsuaren ulertzerik eza; zer egin, nori galdetu eta zeren zain geratu asmatu ezinda. Eta, besteak beste, Eurice amaren kuraia, egoerari aurre egiteko, familia bideratzeko eta hitz motzez egoera zertan den adierazteko, hainbat urte luze geroago, diktadura emaitu ostean, aitaren hil-agiri ofiziala jaso arte.

Rubens Paiva diputatu desagertuaren gizarte-inguruan ez dago zalantzarik eta kontraesanik. Argi eta garbi dago nor diren etsaiak eta nor ez, zein ari den zuzen eta zein ez, zer den justu eta zer ez. Besterik da, ostera, Ponferradako zinegotzia dela-eta, Sail Ofizialeko “Soy Nevenka” filmak (Icíar Bollain) gogogorazten digun gizarte-inguruan.

Bi hamarkada baino ez dira Nevenka Fernándezek lanari utzi behar izan ziola (2000) depresioak jota, Ismael Álvarez (1) alkatea salatu (2001) sexu-jazarpenagatik eta epaiketak arrazoi eman ziola (2002), ordurako jaioterritik alde egin behar izan zuen arren.

Hogei urte geroago, ikara ematen du ikusteak hainbat seniderengatik jaso zuen ulertzerik eza, bere alderdiaren (emakumezko zinegotziak tarteko) ataka gaiztoa, fiskalaren matxismoa, zenbait telebista-programaren astakeriak (2) eta Ponferradako herritarrik gehienen Nevenkaren kontrako jarrera.

Orduko protagonista, egile eta egintzaileek bizirik diraute. Ponferrada hiria lotsa (3) omen da. Fikzioa eztabaidagarri da, ez, ordea, hainbestean behintzat, errealitatea. Fikzioak nekez irudika dezakeen errealitatea.

.

72. Zinemaldia
Aurtengo 72. Zinemaldian inoiz baino sarrera gehiago ari omen da saltzen.

1)  Urko Olazabal

2) Ana Rosa Quintarena kasu: "¿Cómo se deja ser acosada y cómo tarda tanto en denunciarlo"?

3) Ponferradako udalak ez zuen baimenik eman grabaziorik egiteko, eta hainbat sekuentzia Zamorako Diputazioan egin behar izan ziren.

Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hogei ken bi? (idatzi zenbakiz)
Erantzuna: