Errealaren jatorrizko bekatua
Arrazoi berezirik –are gutxiago aitzakiarik— sekula behar izan ez zuen sentipen berezko honi hainbat azalpen eskatu izan zaio azken hogeitaka urteotan. Galdetu ezezik, kargu ere kargu hartu izan zaigu, bai, zelan demontre izan ote gaitezkeen gipuzkoarrak eta Athleticzaleak, Errealaren gutxiespenetan edo.
Inori erantzuteko baino norberarenak ulertu gurarik, aspalditxo saiatu nintzen gure athleticzaletasuna arrazoitzen eta baita zenbait ondoriotara heldu ere, alegia: 1- Mutikotan, Athletica punta-puntako txapelduna zen eta Erreala, ostera, lehen eta bigarren mailen artean jardun ohi zuen “goitti-behera” taldea. 2- Donostia 72 kilometrora genuen eta Bilbo, aldiz, 42ra. 3- Diktadura denboran, ia ez zen Gipuzkoarik gure eguneroko bizitzan eta zer esanik ez gero, Donostiarik.
Eta, hain zuzen ere, azken hogeita hamar urteotan hiru oinarrizko arrazoiok aldatu diren heinean aldatu ere aldatu da belaunaldi gazteagoen zaletasuna, hau da: 1- Erreala pare bat aldiz izan da liga-txapeldun. 2- Autopistak Bilbo eta Donostia ordu erdira parekatu dizkigu. 3- Demokraziak “gipuzkoartu” egin gaitu, hauteskunde-barrutia, errenta-aitorpena zein komunikabideak tarteko.
Honek guztiak zentzurik zuelakoan nengoen gaur arte, baina eguerdian jakin dut, ordea, den-dena nere burmuinetako fikzio-pelikula baino ez zena. Jose Luis Orbegozo Errealaren lehendakari-ohiaren heriotza dela eta, Euskadi Irratiak haren meriturik handiena zein izan ote zen galdetu dio Iñaki Otegi gerenteari eta baita honek batere zalantzarik gabe erantzun ere: Jose Luis Orbegozo Errealaren lehendakaritzaz (1967-1983) arduratu arte Erreala Donostiako kluba zen eta Gipuzkoakoa izan zedin ahalegindu zen. Klub donostiarra gipuzkoar bihurtzea izan zen Orbegozoren meriturik handiena.
Ez diot nik Iñaki adiskideari kontrakorik esango. Baina, hori horrela bada --eta seguru horrela dela--, betidanik Athleticzale izan garen gipuzkoarrok ez gara sekula bekatari izan, jatorrizko bekatua bere burua gipuzkoartzat ez zuen Errealaren baitan baitzegoen.
Bai gero fina Errealzale ez ginen gipuzkoarron sudurra… guk arrazoi!
Jose Luis Orbegozo, Erreala gipuzkoartu zuen lehendakaria. Goian bego.