Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Amatiño / Erlojupekoa ala erlojuaren kontrakoa?

Erlojupekoa ala erlojuaren kontrakoa?

Amatiño 2012/06/30 23:35
Bazkalostean hasi da gaur Frantziako Tourra. Pedro Mari Goikoetxearen eta Xabier Usabiagaren eskutik ikusi ahal izan dugu Euskal Telebistan lehen etapa: Liège –Liège erlojupekoa. Erlojupekoa ala… erlojuaren kontrakoa?

Batek daki! Emanaldiak iraun duen hiru ordu inguruan Pedro Marik eta Xabierrek ehundaka aldiz errepikatu dute ideia berbera baina ez, ordea, hitz berdinez. Lezamarrak behin eta berriz, batere salbuespenik gabe, erlojupekoa aipatu arren, asteasuarrak ostera, beti, sekula hutsik egin gabe, erlojuaren kontrakoa. Ez dut uste beste telebista-hizkuntzarik dagoenik munduan aurrez aurre elkarrekin lanean ari diren bi aurkezleri aukera hori eskain diezaieketenik.

Ideia berbera azaltzeko hainbat adieraz edo sinonimoz baliatu ahal izana erabat arrunta da, baita nork bere hitzik aproposenak, maiteenak edo ohikoenak erabiltzea ere. Baina hiru ordu elkarrekin mikrofono aurrean eta inoiz ere –behin ere ez gero— solaskidearen hiztegiari amore ez ematea --ustebako mimetismoz baino ez bada ere-- ez da gero batere normala. Norgehiagoka aritu al dira!

Dena den, ez dakit nik, aukeran, zein litzatekeen adierarik aproposena. Nik neuk, nire senez, hurreago sumatzen dut neure burua Lezamatik Asteasutik baino, eta “erlojupekoa” molde jatorragoa (laburragoa, trinkoagoa, osotuagoa, barneratuagoa… ) iruditzen zaidan arren, ez hasiko naiz Xabier Usabiagaren euskara-maila eta ezagutza zalantzan jartzen. Ez horixe!

Ezin esan ere, batak ala besteak zeinek ote duen tradizio gehiago. Kontzeptu hau ez da agertzen euskal hiztegi klasikoetan (ezta Ibon Sarasolaren azkenengoan ere), baina bai, ostera, Euskaltzaindiaren Hiztegi Batuan eta baita Elhuyar-enean ere. Bestalde, ez da antza euskalki kontua, Labayru bizkaitarrak ez dakar-eta.

Orduan… erlojupekoa ala erlojuaren kontrakoa? Gure inguruko hizkuntza europarrik gehienak (ingelesez edo izan ezik) bigarren moldearen  kalko berekoak dira baina, Googleri jaramonik egingo badiogu, erlojupekoak Wikipedia du bere alde eta 51.500 inguru emaitza, erlojuaren kontrakoak 7.980 besterik ez dituen artean.

Olano

Abraham Olano, erlojupekotan

Patxi Petrirena
Patxi Petrirena dio:
2012/07/01 17:24
Ona! Nire ustez, Hiztegi Batuan agertzen den puntutik, hitz bat bedeinkatuta dago. Eta "erlojupeko· hor sartu dutenez (eta garbi dagoenez beste ezer ezin izan daitekeela), termino hobetsitzat hartuko nuke. Gainera, diozun bezala, trinkoa da eta ongi sartzen zaigu...
Edozein moduz, saio bereko bi esateriak inola ere ez bat egitea, hori da harrigarriena.
Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Idatzi zortzi zenbakiak erabiliz
Erantzuna: