Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Amatiño / Erlatibismo erlatiboa

Erlatibismo erlatiboa

Amatiño 2012/06/09 01:55
Joxe Azurmendik jaso du Eusko Ikaskuntzaren aurtengo saria. Ezin esan merezi ez duenik. Baina bai, ordea, esango, aurten ez duela behar bada iaz baino meriturik gehiago egin. Zergatik aurten bai eta azken hamar edo hamabost urteotako beste edozeinetan ez? Eusko Ikaskuntzaren misterioak, nonbait. Dena omen da erlatiboa. Baita erlatibismoa ere.

Eusko Ikaskuntzak eta Euskadiko Kutxak  1995an sortarazi zuten sari hau, humanitate, arte, kultura eta gizarte-zientzietan dihardutenen curriculumik onenak nabarmentzeko, beti ere Euskal Herriko kultura-garapenaren mesedetan.

Lehen saritua, 1995an, Julio Caro Baroja izan zen eta azken aurrekoa, berriz, iaz, Maria Bayo. Tartean izan dira Alvaro d'Ors, Luis Villasante, Jesus Altuna eta Juan Plazaola, Eduardo Chillida, Miguel Artola, Juan Garmendia, Bernardo Atxaga, Gurutz Jauregi, Juan San Martin, Nestor Basterretxea, Maite Lafourcade, Gregorio Monreal, Daniel Innerarity, Javier Elzo eta Joxerramon Bengoetxea. Horretara, emakumerik dezente gutxi, eta euren jardungaia euskaraz landutakorik, berriz, heren bat edo, ozta-ozta. Egungo gazte jendeak esan ohi duenez: "es lo que hay". Ala gehiago al dago?

Hiruzpalau edo izan ezik, gainerako guztiekin izan dut inoiz hitzegiteko aukera edo, barrena, kazetari-lanetan elkarrizketatzeko abagunea; eta, esango nuke, salbuespenen bat edo beste izan ezik, denak direla (edo zirela), oro har, isilak, zuhurrak, ohi baino apalagoak, baxu samar hitzegiten dutenak eta beraiek baino nabarmen gutxiago dikitenei,  dakigunoi,  entzuten dakitenak.

Joxe Azurmendi, bete-betean, horietakoa da. Euskal pentsalaririk onenetakoa, euskaraz saiakerarik gehien idatzi duena eta koherentziarik uholdeka duena. Horrez gainera, bidenabar baino ez bada ere, gizon goxoa, samurra, maitakorra, gupera, astiro asko hitzegiten duena eta inorenak entzuteko adi-adi gertu dagoena.

Hainbatek zalantzan jar dezake gure Joxe mundu honetakoa ere ote den, baina zinez diotsuet baietz. Duela berrogei urte behintzat bazen, eta geroztik ez da bera gehien aldatu dena. Dena erlatiboa da.

Joxe Azurmendi

Joxe Azurmendi, duela 25 urte inguru. Bere ezkerraldean, Joxe Austin Arrieta. Eskuinean, Jose Antonio Loidi eta, barrenean, Antonio Zabala.

Markos Zapiain
Markos Zapiain dio:
2012/08/26 16:40
Amatiño, ziur aski ez lizuke ihes egingo, baina badaezpada ere: datorren larunbatean Noticias taldeko Ortzadar gehigarriak ale osoa eskainiko dio Joxe Azurmendiri erlatibismoari buruzko argibide eta ñabardurak barne
Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hiru ken lau (idatzi zenbakiz) ?
Erantzuna: