Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Amatiño / Erdal plastiko-pila

Erdal plastiko-pila

Amatiño 2019/04/23 09:00
Tarteka-marteka norbaitek salatu izaten du hondartzetan bildu ohi den plastiko-pila. Noizik behingo zaborrak ez du honezkero inor harritzen, baina denok asaldatzen gara horrenbeste zakar elkarrekin batzen denean. Euskaraz ere, antzerako. Lantzean behingo erdarakadaren batek ez du inor aztoratzen, baina kezkatzekoa da denak errenkadan jarriez gero.

Esaterako, hona euskarazko jardunean egunero erabili ohi diren erdal makuluak: bueno, bale, igual, aber, akaso, depende, segun, total, porzierto, apenas, klaro, benga, bamos, inkluso, konforme, bastante, hombre, enfin, porfin, desdeluego, dehetxo, louniko, porejemplo, atope, yaesta, generalmente, osea, keba, eske, asike, yake, porke, komoke, masomenos, lokepasa… Bai, pasatzen dena da zabor-zerrenda hau ez dela hemen amaitzen. Hau normala al da?

Ez naiz garbizalekerietan ari. Leihoari “bentania” edo zaldiari “kaballua” deitzeagatik ez da ezer pasatzen. Aldea da, “bentania” esateko astebete behar dela eta “kaballua” aipatzeko, berriz, urtebete. Baina, horratik, ahaztu egin al zaigu euskaraz hitzegiten, egunero eta minutuero bost bueno, lau benga, hiru aber, bi eske eta osearen bat esan gabe?

Ez da hiztegi-kontua soilik. Sekulako ostikoa ematen diogu hankartean euskarari “laguna da-ta” esan beharrean, “eske laguna da” asmatzen dugun bakoitzean. Eta euskara prostituitzen dugu “laguna dalako” adierazi beharrean, “porke laguna da” botaka egiten dugunean.

Ez dakit horrenbeste plastikoz itsasoa kakaztuko ote dugun, baina, seguru gero, euskara erdal zakarrez josten badugu, oxigenorik gabe itoraraziko dugula denon artean, jatortasun faltsuaren izenean.

Hala ere, ez dakit zer den kalteagarriago, jende xehearen jatorkeria ala irratitelebistako zenbait profesionalen herrikoikeria. Ez dakit zein den konponbidea baina, hasteko, ez litzateke txarrerako izango aurkezle-kolektiboa bilduko balitz eta, beste edozein disziplinatan bezala, praktika onetako protokoloren bat adostuko balu.

EUSKADI IRRATIA - Albiste faktoria

Serafin
Serafin dio:
2019/04/24 20:04
Ados
Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Idatzi zortzi zenbakiak erabiliz
Erantzuna: