Era eta molde txukunak
Hegoaldekook askoz ere baldarragoak garena gauza jakina da. Baina, behar bada, txarrena ez da zein zakarrak garen, gure zakarkeriaz zein lotsa gutxiz harrotzen garen baino, zakarra edo baldarra izateak nolabaiteko balio erantsia eskainiko baligu bezala.
Harrokeriaren harrokeriaz, gure artean inoiz aipatu izan dugu Iparraldeko euskaldunak horren finak eta goxoak direla... frantses samarrak omen direlako. Bapo. Baina guk ez dugu ostera sekula santan pentsatu gu honen baldarrak eta narratsak ote garen... español samarrak garelako.
Benetako euskaldun jatorrak xarmangarri ala narrats izan behar ote duen eztabaidatzen dugun bitartean, onartu beharko dugu Iparraldekoek guk baino apalago eta leunago hitzegiten dutela. Eta ez, behar bada, euskaraz guk baino txartoago hitzegiten dutelako, segurutik hobetoxeago egiten dutelako baizik.
Euskaldun arlotearen irudia gainditu beharra dagoen bezala, euskaldun baldarraren zabarkeria ere gailendu beharra dago. Norberaren hizketa lantzea, moldeak txukuntzea eta jendaurreko formak gordetzea ez da inondik ere ahuleria, konplejuak uxatu eta geure buruan gehiago sinestea baino.
Goiz kronika. Euskadi Irratia, 2008.01.29