Eraikin gaixoaren sindromea
Ez da, horratik, radon delakoa, gure etxe barruetako kutsadurarik handiena. Danimarkako Technical University-ko Jan Sundell ikertzaileari jaramonik egingo badiogu “aterperik gabeko airearen kutsadura aztertzea modan dago. Baina egia da, gune itxietako airea dela kutsakorrena eta jenderik gehien hiltzen duena”.
Gero eta gehiago dira mundu aurreratuan batere leiho irekirik gabeko eraikinak, aireztatze-sistema artifiziala besterik ez dutenak. Eta inork aitortu nahi ez duen arren, arazoa benetan larria da, urtero 6-7 milioi lagun hiltzen baitira munduan “eraikin gaixoaren sindromeaz”.
Izan ere, etxe-barruko aire ez egokiaz --edo "egokiegiaz"-- hiltzen direnak, HIESez, trafiko-istripuz eta diabetesez –hiruak elkarrekin— hiltzen direnak baino gehiago dira. Osasunaren Mundu Erakundearen datuen arabera, hiritan bizi diren biztanle guztien %80, muga onargarrien gainetikako kutsadura-mailetan ari dira, gara alegia.
Are gehiago: etxe barruan suertatu ohi diren zereginek (lo, sukaldatu, kumuna, berogailua, tabakoa…) sortarazten duten giroa, hainbat infarto, bihotzeko, Biriketako Gaixotasun Butxatzaile Kroniko (BGBK,EPOC, gaztelaniaz) asma eta beste zenbait erasan baino kalteagarriagoak dira. Urtean zehar 800.000 pertsona hiltzen omen dira… "behar baino lehenago".
Hala ere, helduok egunaren %90 (21 ordu) lau hormaren artean bizi garen arren, kanpo-kutsadura aztertzeko ikerketek, barruko aize-kalitatea neurtzekoak baino ehun bider ugariagoak dira.
Inor kontrolatzea modan dago. Errazagoa da, nonbait, inoren etxea garbitzea norberarena baino. Erosoagoa ere bada inori kontuak hartzea, ingurumenaz, energiaz, kontsumoaz, euskaraz zein edozertaz. Giza-jarrera hau ez da batere berria. Cervantesek Kixotean salatu zuen nabarmen errazagoa zela inoren begian zakarra sumatzea, geurean habea ikustea baino. Ez zuen, horratik, leloa berak asmatu, hamabost mende lehenago Lukas eta Mateo ebanjelariek jarria zuten-eta, Nazareteko Jesusen ahotan.
Geroztik bi mila urte joan dira. Lehengo lepotik burua. Baina, orduan ez bezala, egungo gizadiak aterpetan eta aire egokitan bizi nahi du, egokiena delakoan.