Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Amatiño / Analfabetoen iraultza

Analfabetoen iraultza

Amatiño 2023/10/16 09:00
Ziurrenen arrazoi du Valter Tauli hizkuntzalari estoniarrak dioenean, ez dela egia “hizkuntza guztiek konpetentzia komunikatibo berdina lortu dutenik beren alderdi guztietan (sintaxian, morfologian, hiztegigintzan, fonologian eta abar)”. Ez da gutxi hasteko eta alfonbrak astintzeari ekiteko.

Segurutik ere, logikaren bat izan ahal  du Iñigo Lamarcaren galderak: “zergatik ez ditu barneratzen euskara normatiboak (batez ere idatziz, liburuetan eta egunkarietan erabiltzen denak) gazteen euskara-aldaera berriak, sinpleagoak eta ez oso ‘zuzenak` badira ere?

Eta zalantzarik ez, gero, erabat egia dela Xabier Amurizak dioena: “hizkuntzaren funtsetariko bat eboluzionatzen joatea da, baina fenomenoa gerta daiteke aldakuntza onargarriz edo erosio penagarriz. Euskararen kasuan, erosiozko eboluzioa nabaria dela alderdi askotan”. Areago, belarriko mina egin arren ere,  inor ez da aurrez aurre inoren erosioa salatzen ausartzen, beste edozein hizkuntzatan bezala.

Nago, “Euskara orain. Eraginkortasuna helburu” (Alberdania, 2023) bezalako liburuek behar dutela ongi etorriak izan, inondik ere “plastikozko lorategi bikainetan” gera ez gaitezen, eguneroko sasietan aurkitzen baita "mundu errealaren edertasuna”.

Hala ere,  zilegi bekit esatea, inongo amildegitan jauzi (eta jausi) egin aurretik, behar genukeela gogoan izan:

1. Liburu berean Mikel Mendizabal koordinatzaileak 'de facto´ proposatzen duen hizkuntza-ereduak aitzakia gutxi duela eredugarritzat hartzeko.

2. Adibide arrunt gisa baino ez, EiTBk kirol-programetan (futbola, pilota, txirrindularitza edo estropadak, esaterako) darabilen euskara-ereduari ez diola oraindik ezein ikusentzulek inolako “eraginkortasunik eza” leporatu.

3. Sarez sare, euskalkiz euskalki eta herriz herri, hainbat  gaztek erakusten dituzten arren euren gisako molde eta proposamen propioak, dena delako aplikazio normatibo bateraturen batek baino ez lukeela euren arteko aniztasun kaotikoaren egoera bideratuko. Beldur naiz, ordea, funtsezko arazoa ez dela indarrean dagoen normatiba erraztea edo malgutzea, jarriko litzatekeen dena delakoa kunplitzeko ardurarik eza baizik. 

4. Eta, azkenik, ezin dela motibaziorik ezaren mamua ahaztu, hainbatek ez baitu sekula ikasiko, eta are gutxiago landuko, itxurarik gabe erraztu arren ere, beti zailegi  (eta ez "berea") irudituko baitzaio.

Adibide erreala, ez asmatua

Horra non, nire lagunen baten semeak aita zoriondu nahi izan duen, testua bere kasa burutu eta niri pasatzen didaten zuzentzeko-edo. Di-da egokitzen diot oinarri-oinarrizko euskaraz eta diosta: “sí, pero eso no es lo que yo he puesto”. Ez, ez da zuk hitzez hitz idatzi duzuna, baina bestela ez dizu inork ulertuko. “Pues a mí me ha salido así”. Bai baina hori zuk asmatua izateaz gainera, ez du zure aitak ulertuko. “Y tú cómo sabes que no lo entenderá?” Mira chaval, porque yo hablo con tu padre en euskera, cosa que por lo visto no haces tú!

Kontua da hainbatek nahi duela, antza, nolabaiteko gizarte elebidunaren parte izan... elebidunak "besteak" diren bitartean. Eta ni prest nago euskara ahalik eta gehien errazten ahalegintzeko, baina ez analfabetoen iraultzari amore emateko.

mikel mendizabal
mikel mendizabal dio:
2023/12/03 21:24
Badakit liburu honek hamaika kontraesan eta beste hainbat muga dituela, hala ere, kontuan hartu behar genituzke bertan azaltzen diren iritziak. Erraztasuna eta jarioa da gure hizkuntzak behar duena eta zoritxarrez ia beti ahaztu egiten dugu ebidentzia hau.
     Hiru euskal idazleek iritzi eta planteamendu desberdinak badituzte ere, argi dute, ordea, aldaketak egin behar direla, batez ere sintaxian eta morfologian, beti ere komunikazio gaitasuna errazteko. Liu txinatarrak gogorarazten digu hizkuntza kultura dela, baina aldi berean, komunikazio teknologia bat ere badela, eta hau hobetzea komenigarria izan ahal dela.
     Milesker Amatiño zure aipamenarengatik. Mikel Mendizabal
Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Idatzi zortzi zenbakiak erabiliz
Erantzuna: