Eraginkortasuna
Auto guztiek zuten hasiera beretik bateria berdin-berdina, argindar beretsua alegia, eta irabazlea ez zen izan azkarrena, handiena, indartsuena edo politena, iraunkorrena baino. Hau da, bateria berberaz kilometro gehiago egiteko gauza izan zena. Energia berberaz, urrutiago heldu zena, eraginkorrena izan zena.
Auto batek, oinarrizko energia berberaz, gehiago iraungo badu martxan, behar du diseinu ona, pisu arina, abiada aproposa (ez bizkorregi eta ez geldoegi), kontsumo murritza, lehiakortasun asko eta, beti ere, ahalik eta eraginkorrena izan.
Izan ere, bizitza, besteak beste, eraginkortasun-lasterketa bat da. Hau da, bateria bertsuarekin nork gehiago iraungo. Batzuei, itxurak egiten, handikerietan edo behar baino lasterrago abiatzeagatik agortzen zaizkie energiak denbora baino lehen. Alderantziz, berriz, badira, gutxieneko erreboluzioetara ez heltzeagatik motorra lorrintzen dutenak. Artea da, gero, norberaren motorra ahalik eta ondoen ezagutzea, nork bere burua ez engainatzea, eta bidea urratsez urrats jorratzea, abiadarik aproposen eta iraunkorrenean.
Autoek eta pertsonek ez ezik, Herriek ere jakin behar dute lehiakor, eraginkor eta iraunkor izaten. Herri bakoitzak bere ahalmenen berri jakin behar du eta kontrako indarren neurria ezagutu. Arolenak, zolienak edo beroenak nekez izango dira luzera iraunkorrenak, ezta epelenak edo ardurabakoenak ere, sekula eraginkorrenak izango.
Behar bada, gutako bakoitzak pasatu beharko luke bere burua eraginkortasun-etsaminaren galbahetik. Guztiok ere, zein neurritan ote garen benetan eraginkor pertsona bezala, hau da, guraso, bikote, senide, adiskide, lankide, euskaldun edo hiritar soil gisa.
Zati batez, esne-berbak alboratu, aitzakiak ahaztu eta, miatu, barrundatu, gure jarrerak eta jokamoldeak zein neurritan diren behar bezain eraginkor.
Asmoa asmo, arazoa ez da-eta zilipurdika ekitea; ezta firin-faran jardutea ere, ganoraz amaitzea baino.
EUSKADI IRRATIA . Albiste faktoria