Epika urri eta melodrama ugari
Sekulako natura-paisaia, argazkilaritza ederra, aktore nagusi bien benetako mendigoizale-antza eta aparteko makillatze-lana elkarrekin biltzen dira ikuskizun entretenigarri bezain hunkibera osatzeko orduan, nahiz, behar bada, epikaz urri ibili. Beste kontu bat da, ostera, filmak zinema-adituen eskakizunak betetzen ote dituen.
Edurne Pasaban mendigoizale ospetsuak ustez bizi izandako depresioetan oinarritua da "La cima" filmaren (Ibon Cormenzana) kontakizuna edo, hobeto esan, batere izenik ez denez zehatz aipatzen, igo beharreko “zortzimila” guztiak igo ondoren eliteko alpinistak jasan ditzakeen nora ezean eta asmatu ezinean: eta... orain zer?
Ionek (Patricia López Arnaiz) hiru hilabete daramatza Annapurna (8.091 m.) mendiaren barreneko aterpean (3.000 m.), bakardade osoz, mundu errealera berriro itzultzearen beldur-edo. Eta bertara helduko da, ezustean, Mateo (Javier Rey), inondik ere lehen mailakoa ez den mendigoizalea, Annapurna igotzeari ekin bezain laster aterpe-inguruan erori eta Ionek heriotzatik libratu behar izango baitu. Gainera, gailurreraino heltzeko Mateoren funtsezko arrazoia ez da, nonbait, oso “mendizalea”, inori egindako promesa besterik baino.
Erabat ulergarri suertatzen dira adorea eta aurrera jarraitzeko axola galdu dituen emakumearen haserre-giroa, zabarkeria eta ardurarik eza. Sinesgaitza, ordea, Himalaian sekula izandako mendigoizaleak munduko gailurrik arriskutsuenetakora inoren laguntzarik gabe igo nahi izatea eta, gainera, goraino heltzea… ezelako frogarik ez den arren. Miresgarria, behar bada, bekozko iluneko Ione goibel, uzkur, zakar eta desengainatua, baina jokoz kanpo, sarri, Mateo, bizar trinkoaren ezkututik aurpegia atera ezinik geratu izan balitz bezala.
Zer gerta ere, bien arteko solasaldi eta elkarrizketak ez dira inor liluratzeko bestekoak, eta interes nabarmenik ez da suspertuko istorioaren hondarreko nahi eta ezinak, sentimenduak eta zirrarak loratu arte. Epika gutxi, melodrama askotxo eta, agian, huts samarrak bizitzaren azken errainuak desitxuratzen diren uneko sasifilosofia arinak. Baina, hala ere, plano motzeko irudi onak eta aurpegi hobeak.
Hainbat bista eta ikuspegi orokor Alpeetan zein Himalaian bildu izan diren arren, tokian tokiko grabaziorik gehienak Benasque aldean egin dira, La-Renclusako aterpetxetik (2.140 m.) gora, antza. Arrunt ona, bertatik bertara erabilitako kamera (eta bestelako ekipamendu) aproposen emaitza eta, aipatzekoa, kamerarien lana eta aktore-ordezkoen jokoa. Ez da, ez, batere ohikoa, hain gune garai eta hotzetan fikzioa egitea.