Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Amatiño / Enrique Sendagortaren omenetan

Enrique Sendagortaren omenetan

Amatiño 2018/01/16 09:00
Aurreko astean hil zen Enrique Sendagorta enpresari bizkaitarra; 93 zituen eta, hainbat girotan batere ezaguna ez izan arren, lantzean behin baino suertatzen ez diren gizon handi horietako bat genuen.
Enrique Sendagortaren omenetan

E. Sendagorta, 1924-2018

Plentziarra jaiotzez eta Itsas-ingeniaria ikasketaz, Sendagortak hamarren bat enpresa sortarazi zituen eta hiru, behintzat, oinarrizkoak euskal ekonomiaren larrainean.

Hasteko, orain hirurogei urte, Sener Ingeniaritza sortu zuen, gaur egun 6.000 langile dituena. Hamar urte geroago, Petronor, bere inguruan beste 6.000 lagunentrako lana eskaintzen duena. Eta, horrez gainera, Zierbenako espigoia eraikitzea proposatu zuen, Bilboko Portua Europako handienetakoa izatera iritsi zedin.

Gaur egun, Bizkaiko zein Euskadiko ekonomia eta aberastasuna dezente murritzagoak lirateke Bilboko Superportua, Sener Ingeniaritza eta Petronor findegia ez balira, eta hiruon eragilea, aurreko astean isil-isilik hildako 93 urteko agurea izan zen.

Eginak egin, Enrique Sendagortak ez du kalerik bere herrian, ez du Bizkaiko Aldundiaren eskerrik jaso, ezta Eusko Jaurlaritzak haren jarduera ezagutarazi ere. Hartara, normala gero, Enrique Sendagorta nor arraio ote zen inor gutxik jakitea.

Segurutik oso garrantzitsua da kazetari izatea, irratiz hitzegitea, telebistan agertzea, nobelak idaztea, gitarra jotzea, erizaina, maisua, suhiltzalea, funtzionarioa edo politikaria izatea, edo auskalo zein euskal kirol-selekziotan jolastea. Baina, horratik, bataz beste 20.000 inguru lagunentzako lana eskaintzeaz gainera, Euskadiko diru-sarrera guztien %10 edo eragiten duten enpresak sortarazi zituen gizonak ez al du aitortzaren bat edo beste merezi?

Zorioneko euskal kupoa positiboa izan dadin, nabarmena omen da gure enpresen fakturazioa. Lanpostuak sortzea ere izugarri garrantzitsua, antza, euskal ongizateak goiari eutsiko badio. Ez dugu aitortu nahi, ostera, fakturatzen eta lanpostuak sortzen dituzten bakarrak, enpresak direla eta, enpresak izango badira, lehen eta behingoz, enpresariak behar izango ditugula.

Eta, gure mesederako baino ez bada ere, Enrique Sendagorta bezalako gehiago sortu daitezen giroa errazten eta hazia ereiten hasiko bagina?

Axular idazle handiak esan zuen ia orain laurehun urte (1643): “Ez dut garirik biltzen ikusten, hazirik erein gabe.” Guk, ordea, enpresaririk gabeko enpresak nahi ditugu, enpresarik gabeko lanpostuak eta, nago, horrelakorik ez dela oraindik asmatu.

Lotsa ematen digu enpresarien alde hitzegitea eta ondo ikusia dago gaizki esaka aritzea. Gezur handi batean bizi gara, egunen batean esnatu edo itzarriko gara eta, geroko gerotan, mortalak eta bi sufritu beharko ditugu.

EUSKADI IRRATIA. Albiste faktoria

Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Idatzi zortzi zenbakiak erabiliz
Erantzuna: