Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Amatiño / Enpresarien zailtasunez jabetzeko, nobela ote onena?

Enpresarien zailtasunez jabetzeko, nobela ote onena?

Amatiño 2023/08/07 15:50
Ez da erraz ulertzekoa zergatik enpresarien emaitza on eta arrakasten berri jakinarazteko informazio erreala den aproposena eta, haien zailtasunak, asmatu ezinak eta porrotak ulertarazteko, ordea, fikzioa den aukerakoena eta nobela generorik egokienetzat jotzen.

“Gustatuko zaizu, zuk irakurtzeko modukoa…” adieraziz, alabak oparitu dit oporretarako irakurliburua: Así creamos ‘El Ikea vasco’ (Unai García, 2022). Bai ote? Ez dakit ba. Ziurrenik edonork irakurtzeko modukoa izango da, baina ez zait, ordea, batere gustatu.

Jatorriz, kontakizun polita, behar bada, baina errealitateak fikzioa gainditu ohi duen mundu honetan, zer dela-eta, zergatik eta zertarako, horren egiazko historia interesgarria nobela eskas samar gisa moldatu eta ez informazio- edo zabalkunde-saiakera tankeran burutu?

Behin Enrique Arrillagaren (Eibar, 1967) esperientziaz baliatzea erabakita, egileon formulak samurra dirudi eta ez du, ia, aitzakiarik: “Para ello nos tomamos la licencia de comprimir hechos, acelerar acontecimientos, prescindir de sucesos significativos obviar personas y nombres propios importantes que dificultarían la comprensión del argumento y ralentizarían la acción, y, por supuesto, inventamos diálogos de situaciones en las que nos estuvimos presentes”. Beinke, lizentziak zilegi dira, jakina, irakurleari geratzen zaion nolabaiteko aje gordina-edo ez balitz. Alegia, susmoa susmo, kontakizunak gehiago ematen duela marketing-agentziaren “ad maiorem gloriam”, benetako protagonista aintzakotzat hartzeko guraria baino.

Epilogoan aitortzen denez, oso erraza omen da interneten aurkitzea Enrique Arrillagari egindako elkarrizketak eta adierazpenak, LUFE enpresaren nondik norakoaz, gehien-gehienetan azken urteotako abiadaz eta arrakastaz. Ezer gutxi aurkitu omen daiteke, aldiz, hasierako zailtasunez, bidean jasandako hondamendiez, behin eta berriz ia hutsetik ekin beharraz, arnasa luzeko erresistentziaz eta, beti ere, une oro muturreraino landu beharreko adoreaz eta kemenaz. Zentzu honetan, egileok uste izan dute, nonbait, informazio-hutsune hori betetzeko ordua dela, enpresariaren ahalegina zein lanerako grina gogoan hartzeko eta haren balioak aldarrikatzeko... fikzioz bada ere. 

Segurutik arrazoirik  ez zaie falta izango sustatzaileoi baina, horratik, zilegi ere kontrako hausnarketaren bat egitea. Alegia, ez dela erraz ulertzekoa zergatik enpresarien arrakasta eta emaitza onen berri jakinarazteko, aproposena benetako informazio konbentzional bezain profesionala den, baina haien zailtasunak, asmatu ezinak,  porrotak eta erresilientziak ulertarazteko, ostera, aukerakoena fikzioa den eta nobela, berriz, generorik egokienetzat jotzen.

Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Idatzi zortzi zenbakiak erabiliz
Erantzuna: