Enpresariak eta ETA
Iñigo Urkullu lehendakariaren hitzaurrearekin batera, liburuak zortzi kazetari* eta hiru ikertzaileren** ekarpenak biltzen ditu. Alegia: testuinguru historikoaz, terrorismoaren eragin ekonomiko eta sozialaz, atzerriko inbertsioaren murrizketaz, enpresariek sufritutako estortsioaz eta erasoez, Ertzaintzaren ikerketez, euskal gizarteak beste alde batera begiratu izanaz eta guztiaren ikuspegi politiko-filosofikoaz.
Hain zuzen, azken arlo honetaz arduratu den Juanjo Alvarez Nazioarteko Zuzenbide Katedratikoak adierazi bezala, liburu honek lagun gaitzake hausnartzen zein onartezina, jasanezina eta justifikatezina den edozein pertsona mehatxatzea, xantaia egitea, izutzea eta erailtzea, eta, zer esanik ez, ideia politiko baten defentsaren aitzakiaz.
Zuzenbide katedratikoaren hitzak aipatuko baditugu, epika iraultzailearen izenean “borroka armatua” eta “iraultza zerga” tankerako eufemismoak indarrean jartzea mafia hutsa baino ez zen izan.
Orobat salatzen du, ETAk enpresariak eta berauen senideak, adiskideak eta lankideak estigmatu zituela, haien nortasuna, bizitza, ondasunak eta duintasuna mehatxupean zapalduz, ustezko Euskal Herri baten izenean.
Gainera, euskal hiritarren izenean aldarrikatu arren, ETAk ez zuela sekula izan herri-ordezkaritzaren inolako zilegitasun demokratikorik. Eta ez dela inondik ere egia, gurean, gizarte kontrajarri bi izan zirenik elkarren aurka.
ETAren garaietan gertatu izana galbahe etikoaz salatzeaz gainera, Juanjo Alvarez haratago doa eta gogorarazi, elkarbizikidetza demokratikoaren zubia eraikitzeko orduan, nekez balio duela simetriarik proposatzeak. Segurutik denok mugitu beharko dugula zerbait baina, zer nahi delarik, ETAren estrategia onartu eta onetsi zutenak urraspide luzeagoa jorratu beharrean daudela.
EUSKADI IRRATIA - Albiste faktoria
* Manu Alvarez, Joseba Arruti, Eva Domaika, María Teresa Franco, Víctor Goñi, Ignacio Marco-Gardoqui, Alberto Surio eta Roberto Urkitza.
** Juan José Álvarez, Galo Bilbao eta Izaskun Sáez de la Fuente.