Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Amatiño / Enpresari onak behar omen… baita politiko eta sindikalista onak ere

Enpresari onak behar omen… baita politiko eta sindikalista onak ere

Amatiño 2023/02/24 18:00
Gaztetan esaten genuen lanbiderik onena apaizgoa zela: egunean, ordu erdiko lana besterik ez, ardo-trago eta guzti. Bai, baina gutako inork ez zuen nahi izan apaiz sartu. Orain ere bada enpresari izatea mauka dela uste duenik… baina inork ez du enpresari izan nahi. Eta, enpresaririk gabe, gureak egin du.
Enpresari onak behar omen… baita politiko eta sindikalista onak ere

Amaia Gorostiza

Euskadi Avanza’2023 sariketak Amaia Gorostiza eibartarraren “Enpresa Ibilbidea” aitortu du arestian. Eibarko kale-bazterretan galdetuz gero, Amaia Gorostiza Eibar KE futbol-taldearen presidentea da, baina kargu hau anekdota samarra baino ez da egungo enpresari eibartarrik ezagunenaren ibilbide profesionalean zehar. Areago, Amaia Gorostiza Amaia Telleriaren alaba da, 2013an Euskal Enpresaririk onena izan zenaren eskola berekoa.

Amaia Telleria (Elgeta, 1934) ateak itxi beharrean zegoen bost langileko forjaz arduratu zen 1958an, 24 urte baino ez zituela. Jubilatu zenean, ordea, 750 langileko nazioarteko automozio-enpresa laga zuen, Euskal Herrian, Galizian, Eslovakian, Brasilen eta Mexikon barrena.

Auskalo zertan ote den amaren eskola, baina saria jasotzerakoan alabak adierazi zuenez, etxean umetatik entzundako abiapuntuek ez dirudite sekretu handiegiak: ahalegina, ekimena, ardura, apaltasuna, zintzotasuna eta diskrezioa. Honi guztiari, orain, modernoek “talentua” esaten diote.

Amaia Telleria
Amaia Telleria

Enpresa Txiki eta Ertainari dagokion saria, ostera, Added Value Solutions delakoak jaso zuen, hiru gaztek (Migel Angel Carrera, Jon Osoro eta Ricardo Diego) 2006an. Elgoibarren sortua, Eibarko Teknikerren ikasi beharrekoak ikasi ondoren. Saria jasotzerakoan Migel Angelek aitortu bezala, “gure etxean beti izan ginen asmakizunetan jardundakoak”. Ez zuen esan, ordea, bere aitonak, Migel Carrera Munita zenak, “Betico” haize-konpresore (ikus irudia) tailerra sortu zuela 1925ean. Ehun urte geroago, aitonaren ezpaleko bilobaren enpresa Espainian, Frantzian, Erresuma Batuan eta Estatu Batuetan barreiatua da, eta haren ekoizpenak, mundua txiki iritzita-edo, Marteraino heldu ziren 2020an., NASAren Mars 2020 Mission Perseverance Rover espedizioa tarteko.Betico

"Novel Saria", aldiz, 2018an. Zamudion abiatutako Mikrobiomik enpresa berriarentzat izan da. Berria, ez hasiberria-edo delako soilik, oraindik merkatuak ezagutzen ez duen botika biologikoa asmatu nahian sortu delako baizik. Eta saria jasotzerakoan Juan Basterra enpresa-sortzaileak argitu bezala, ezin esan emaitzak eta etekinak presaka eta harrapataka lortzeko asmotan sortuak direnik, edozein sendagai berrik “hamabi urte behar baititu, gutxienez, merkatuan azaltzeko besteko heldutasuna lortu orduko”. Ez da, nonbait, dena azkar eta berehala lortu nahi dutenentzako afera.

Azkenik, baina ez horratik, atzenik, 2023ko. Enpresa Handiaren saria Abadiñoko Gestamp enpresa familiarrarentzat izan da. Enpresaren iturria, Francisco Riberasek (Madrilgo udal-jardinetako peoiaren semea), 27 urte zituela, 1958an Burgosen sortu zuen Gonvarri lantegian dago, eta 40 urte geroago Abadiñon eraiki zuen automozio-enpresan. Sortzailearen semeak (aitaren izen berekoa) saria jasotzerakoan esan zuen: “Zorte ona behar da enpresari onak izateko… baina baita politikari eta sindikalista onak izateko ere”.

Hiruak ere beharrezko, segurutik, herri bezala aurrera egiteko.

Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hogei ken bi? (idatzi zenbakiz)
Erantzuna: