Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Amatiño / Enpresari izateko ordurik hartu beharrik ez

Enpresari izateko ordurik hartu beharrik ez

Amatiño 2017/05/02 00:05
Ez diot, ugazaba koitaduei laguntzeko, diru-bilketarik eratu behar denik. Ezta denei txapeldun-domina zor zaienik ere. Baina enpresari izatea zenbaitek uste bezain errentagarri eta onuragarri balitz, ez ote legoke jende gehiago enpresari izateko leihatilaren errenkadan? Nik dakidanez, gaur gaurkoz, ez dago sartzeko ordua eskatu beharrik ere.

Confebaskek aurreratu du, ETAren erasoak jasan zituzten enpresarien aldeko ekitaldia antolatzekotan ari dela. Euskal enpresariei aitortza hori zor zaienik nekez ukatu ahal izango du inork. Ezta, nik uste, oinarrizkoagorik ere.

Nago, enpresarien gainean euskal gizarteak bizi duen eskizofrenia antologiazkoa dela. Lanposturen bat lortzea euskal gizartearen eskakizunik nabarmenenetakoa omen den garai honetan, lar harrigarria da zein erraz gutxiesten diren arlo pribatuan lanpostuak sortarazi ditzaketen organizazio bakarrak, enpresak alegia.

Semantikak sekulako garrantzia du arlo honetan ere. Tradizioz-edo pentsatu izaten dugu dendaria berez dela txikerra eta enpresaria, aldiz, handikotea. Dendari adiera ahoskatzerakoan ez dugu BM, Super Amara, Leclerc, Mercadona edo El-Corte-Inglesa gogoan izaten, kale-bazterreko saltzaile arrunta baino; baina enpresaria aipatzerakoan, ordea, gure irudimenak CAF, Gamesa, Mercedes edo Iberdrola neurriko industrietara jo ohi du erraz asko.

Oso gutxitan pentsatu izaten dugu Euskal Autonomia Elkarteko enpresarik gehienek (%98,8k) bost langile baino ez dituztela, batez beste. Edo, beste modu batez esanda, hamar euskal enpresaburutatik ia bederatzik  bost behargineko lantegiaren ardura baino ez duela bakoitzak.

Semantikaren azpildurekin jarraituz, enpresaria batere baliotu ez arren, “autonomoa” zeharo miresten dugu, sarri-sarri biak elkarri atxikiak direla ohartzeke. Eta horren gutxi dugu gogoko, gero, “enpresari” adiera, azken bolada honetan “ekintzailea” (emprendedor) deitura asmatu dugula, enpresaria, berez, lehen eta behingoz, ekintzaile peto-petoa ez balitz bezala; edo, larriagoa dena, gustuko dugun enpresaburua “ekintzailetzat” hartuz eta, isekatu nahi duguna, enpresari soiltzat joz.

Beinke, ez dago lanbide errazik. Denak dira, behar bada, zailak eta konplexuak. Poeta izatea ez da segurutik batere samurra; samurra izango ez den bezalaxe, idazlea, kazetaria, medikua, irakaslea, garraiolaria, argiduna, nekazaria, zientzialaria edo suhiltzailea izatea. Baina sekula lanposturik sortu ez duenak –ezta sortzeko asmorik txikiena ere-- pentsatu al du inoiz norberarentzat zein bere ardurapeko hainbatentzat merkatu gorrian ordainezko zeregina lortzea zein latza izan daitekeen?

Ulergarria da nork bere soldata eskastzat jotzea, baina kontutaratzen al gara hilaren azkenean, hilero, hiruzpalau nomina ordaindu beharrak eragin dezakeen estresaz?

Ez diot nagusi koitaduei laguntzeko diru-bilketarik antolatu behar denik. Ezta denei garaikurrik  zor zaienik ere. Baina enpresari izatea zenbaitek uste bezain errentagarri eta onuragarri balitz, ez ote legoke dezente jende gehiago enpresari izateko leihatilaren ilaran?

Nik dakidanez, gaur gaurkoz, ez dago sartzeko ordua eskatu beharrik ere. Eskasia hau arazo larria da egun eta, hil ala bizikoa, gerora.

Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Idatzi zortzi zenbakiak erabiliz
Erantzuna: