Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Amatiño / Ennio Morricone, maisua

Ennio Morricone, maisua

Amatiño 2022/05/16 09:00
Barrena, 70 urte-edo izan behar dira “Sapore di sale” (1963), “Il mondo” (1965) edo “Here´s to you” (1971) bere garaian kantatu ahal izateko, edota Sergio Leone eta Clint Eastwooden spaghetti western moldeko lehen trilogia orain dela mende erdi ikusteko; baina, geroztik musikatutako 500 filmak tarteko, Ennio Morricone (1929-2020) maisuak ondotxo frogatu zuen bizpahiru belaunaldiren erreferentzia izateko bokazioa zuela.

Zinema eta musika gustuko dituenak ezin izango du egunotan euskal karteldegietan aukeran dagoen dokumentala ikusteke utzi: “Ennio. The Maestro” (2021), Ennio Morricone konpositorea zenaz Giuseppe Tornatore zuzendariak burutua bi ordu eta erdi luzetan, zeinetan, Morricone maisuaz gainera, Jean Báez, Bernardo Bertolucci, Clint Eastwood, Metallica, Oliver Stone, Bruce Springsteen, Quentin Tarantino, John Williams, Hans Zimmer eta beste berrogei inguru solaskide elkarrizketatzen dituen.

“Por un puñado de dólares” (1964), “La muerte tenía un precio” (1965), “El bueno, el feo y el malo” (1966), “Hasta que llegó su hora” (Claudia Cardinale, 1968), “Novecento” (1976), “Érase una vez en América” (1985), “La misión” (1987), “Los intocables de Eliott Ness” (1987) , “Cinema Paradiso” (1989), “Los odiosos ocho” (2015)… icebergaren punta baino ez dira Ennio maisuak sei hamarkadatan zehar burutu zuen filmografia oparoaren zerrendan. Laurehun inguru film, berrogeita hamarren bat dokumental zein telebista-ekoizpen, eta bestelako zenbait konposizio. Oro har, ia hilero bat, hirurogei urtez. Langile porrokatua ote zen galdetu zioten behin eta, berak erantzun: “Mozartekin erkatuz gero, alfer hutsa”.

Ennio Morricone hasi zen hainbat zinema-sekuentziatarako musika aproposa burutzen, eta zenbait zinema-zuzendarik amaitu zuen musikagilearen konposizioentzako aproposko sekuentziak egokitzen. Ennioren maisutza arte, zinema-bandak bigarren mailako musika-konposizioak ziren. Morriconeren ostean, berriz, zinema-musikak sekula aurretik izan ez zuen maila lortu du eta, aurrera begira, jaitsi ezinezko marra gorriaren erreferentzia finkatu. Bada XX. mendeko Beethoven izan ote den dioenik. Baina, berrehun urte barru inor gogoratuko al da Morriconez?

Denetariko sariak jasotzeaz gainera, 1978, 1987, 1988, 1991 eta 2000 urteetako Oscarretan nominatua izan arren, ez zuen behin ere urrezko irudirik lortu. Hartara, 2007an, damu samarrez, erdi lotsatua-edo, Akademiak Ohorezkoa eman zion  lan-bizitza osoaren aitorpen gisa. Hala ere, 2016an, 88 urte zituela,   Tarantinoren "The Hateful Eight" filmari zegokion banda-soinurik onenaren Oscarra jaso zuen. 

Zer gerta ere,  Ennio Morricone hil baino zenbait hilabete lehenago, Giuseppe Tornatorek bere maisua elkarrizketatu ahal izan zuen eta, batere zalantzarik gabe, abagune honek ez usteko balioan jarri du "Ennio: The Maestro" dokumentala.

Hala ere… dokumentalak 156 minutu luze ditu, eta ez ohiko luzapen honek ajeren bat edo beste barrundarazten digu. Alegia, Tornatore zuzendariak egin duela ezein elkarrizketagilek sekula egin behar ez lukeena: elkarrizketatuaz maitemindu... maitemintzeak objetiktibitatea galtzeko arriskua bai baitu. Ondorioz, dokumentalari bi akats nabarmen darizkio. Bata, teknikoa, luzea da, luzeegia. Bestea kontzeptuala, hagiografia da, hagiografikoegia. Zilegi zaio ordu erdiko dokumentalari protagonistaren alderdirik onenak besterik ez laburbiltzea. Baina, bi ordu eta erdikoan, ezta lainorik ere? Dena gora gu eta gutarrak?

Elio Morricone
Ennio Morricone
Alfonso Guilló
Alfonso Guilló dio:
2022/05/16 19:22
Estimatzekoa Ennio Morriconeren gaineko dokumentalaz egin duzun aipamena, baita balorazioa ere.
Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Idatzi zortzi zenbakiak erabiliz
Erantzuna: