Energia-pedagogia
Gizarteaz, ekonomiaz zein ingurumenaz energia-arloa dugu gaur egun esparrurik garrantzitsuenetakoa. Energia behar dugu eta behar izango. Ez dago energiarik gabeko garapenik. Eta hizkuntza-politika aipatzen den bakoitzean hainbati gogoratu behar izaten zaion bezalaxe substantiboa “politika” dela eta ez “hizkuntza”, garapen iraunkorra aldarrikatzen denean ere adierazi beharko sustantiboa “garapena” dela, ez “iraunkorra”.
Energiaren erronkaz berriketa asko dago eta azterketa gutxi. Esne-berba gehitxo eta hausnarketa urritxo. Demagogia arras eta erantzukizun eskas. Haserre franko eta eztabaidan planto.
Zenbaitek besterik uste edo nahi izan arren, hau ez da energia fosilzale eta berriztagarrizaleen arteko norgehiagoka. Ezta segurutik nuklear apokaliptikoen eta integratuen arteko lehia ere. Auskalo gero zer gertatuko ote den epe luzera, baina ertainera behintzat gaur egun esku artean ditugun energia-mota guzti-guztiak behar izango ditugu Mendebaldeak goiari eutsi diezaion eta Hirugarren Munduak bururik altxatu dezan.
Eta, horretarako, demagogia dezente gutxiago eta pedagogia nabarmen gehiago behar-beharrekoa izango da. Baina nago ez ote zaigun denetarik falta. Behar bada ez dugu nork irakatsiko, baina ez dirudi ikasteko ere inor askorik gertu dagoenik.