Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Amatiño / Energia nuklearra esne-botilatan

Energia nuklearra esne-botilatan

Amatiño 2010/02/21 12:34
Fusio nuklearra omen da etorkizuna. Batere ixuririk eta hondakinik gabeko energia-mota garbi eta amaitezina. Horretan dihardute estatubatuarrek Kalifornian eta laster hastear dira europarrak Genevan. Baina, gezurra dirudien arren, Argentinak lortutzat iragarri zuen fusio nuklearraren aurkikuntza 1951an. Baita esne-botilatan etxera eramateko asmoa helburutzat jo ere.

Azken hamabost egunotako albistea: zientzialari estatubatuarrek estreinako lortu omen dute 111 milioi graduko tenperatura. Errekor honetara iritsi ahal izateko, 192 argi-izpi elkartarazi behar izan dituzte, aldi berean, Kalifornian indarrean jarritako munduko laserrik handienaz. Helburua, bat eta bakarra: fusio nuklearra bideratu “mugabako energiarik garbiena erdiesteko, CO2 ixuririk eta hondakinik gabe”. Une honetan Kaliforniako The National Ignition Facility erakundea da fusio nukleargintzan diharduen laborategi bakarra eta berehalakoan hastear da, Genevan, egitasmo europarra. Argentinarrek, ostera, lehenxeago ekin zioten.

Hitlerren heriotzarekin batera II. Mundu Gerra amaitu ostean makina bat nazik Argentinara alde egin zuten ihesi eta, antza denez, baita ondo samar hartuak izan ere. Haietako bat  Ronald Richter fisikari austriarra, gero jakin zenez  lehergailugintzan sei hilabete eskaseko esperientzia baino ez izan arren, sekulako egitasmo nuklearrari ekin ahal izanaz Juan Domingo Peron presidenteari sinestarazteko bezainbateko hitz-jarioa erakutsi zuena. Baita Peronek egitasmoa sustatzeko ordena eman ere, energia nuklearraz ezer ez zekielako, sekretupean aritu beharraren beharrez zientzialari argentinarren eskuhartzea debekatu zuelako eta jakina, ezin bestean, Peron bera handi-mandi samarra zelako.

Zer gerta ere, kontua da Richterrek Huemul Proiektuari ekin ahal ziola 1948an Patagonian, gaur egun ulertezinak diren eraikuntzak jaso, inori batere azalpenik eman beharrik gabe 300 milioi dolar xahutu eta, halakoren batean, 1951eko otsailaren 16an, Peron presidentearekin batera eta mundu guztitik bertaratutako kazetarien aurrean, Buenos Airesen fusio nuklearraren aurkikuntza aurkeztu zuela: "El 16 de febrero de 1951 en la Planta Piloto de Energía Atómica en la Isla Huemul, de San Carlos de Bariloche, se llevaron a cabo reacciones termonucleares bajo condiciones de control en escala técnica." Euforia hartan, Peronek berak pozarren erantsi zuen: “Laster asko energia nuklearra etxera eraman ahal izango da eguneroko esne-botiletan".

Albiste harek ezjakinak eta sinesberak konbentzitu zituen baina ez, nonbait, benetako zientzialariak. Urtebete geroago, prentsaurrean iragarritako aurkikuntzak batere ondoriorik ez zuela eta,  Pedro Iraolagoitiaren ardurapeko “Comisión Nacional de Energía Atómica” erakunde argentinarrak egoera zertan zen bertatik bertara aztertzea agindu zuen eta, José Antonio Balseiro ikerlariak egindako txostenaren ondorioak ezin  adierazgarriagoak dira mende erdi geroago. Laburbilduz, Richterrek ez zuen batere neurketarik egin --neurgailurik ere ez zuelako--, gairik oinarrizkoenez ere ezer gutxi bide zekien eta nahas-mahas emandako azalpenak iritzi pertsonal hutsak omen, batere zientifikoak ez alegia. Iraolagoitiak hitzez hitz orduan esana: "Richter burutik dago". Eta une hartan bertan amaitu zen fusio nuklearraren abentura argentinarra.

Peronek ez zuen inoiz gehiago Richterrekin hitzegin  nahi izan, eta fisikari austriarra 1991an hil zen Buenos Airesen, gobernu argentinarrak jarritako etxean, sekula amore emateke eta fusio nuklearra berak lortu zuelakoan.

 huemul

Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hogei ken bi? (idatzi zenbakiz)
Erantzuna: