Energia kontuetan ere, Axularrek arrazoi
Euskal Erkidegoa nagusienetakoa da espainiar estatuan barrena haize-erroten teknologiari dagozkionetan. Azkenetakoa, aldiz, energia eolikoa ekoizteko orduan. Kontraesana nabarmena da, gure industriak gogotik sinesten du energia eolikoaren etorkizun-onuretan, baina gure gizarteak ez du antza beretzat nahi, inorentzat baino.
Datuak ezin adierazgarriagoak dira. Orain hamar urteko erakundeen egitasmoek erabaki zutenez, Euskal Autonomia Erkidegoaren argindar-kontsumoaren %12-15 inguruk eolikoa izan behar zuen egun. Urteak joan eta urteak etorri, ostera, egiazko datuak ez dira, onenean ere, erdira iristen. Hau da, %5 baino ez, hor nonbait, EVEren estatistika ofizialen arabera.
Kontraesana begi bistakoa da eta, zenbaiten ustez, nabarmena ezezik baita lotsagarria ere. Nor ote erruduna, errudunik baldin bada bederen? Funtsezko arrazoiak denetarikoak omen dira baina, besteak beste, hiru bai behintzat.
Batetik, Eusko Jaurlaritza eta Eusko Legebiltzarra ez bide dira gauza izan bere egitasmoei irmo heltzeko eta beraiek onartutako proposamenei sendo atxikitzeko. Energia-planek luzerako adostasun politikoa eskatzen dute eta “luzerako adostasuna” ez da euskal politikagintzaren ekuazioetan sartzen.
Bestetik, Arabako, Bizkaiko zein Gipuzkoako erakundeek –nork berea defendituz, seguraski— bakoitzak bere aldetik jo izan dute, tokian tokiko lehentasunei eta presioei amore emanez. Euskadirik (gora!) ba omen da, bai, baina ez gara gero hasiko hiru lurraldeon nortasuna zalantzan jartzen, ezta?
Eta, hirugarrenik, indar eolikoaren aldeko apostu teorikoa egin ohi duten talde ekologistak, berriz, ez dira nonbait uste bezain haize-erroten defenditzaile sutsu agertu. Alegia, bai, baina. Ekologistak Martxan taldekoen Ganekogortako parke (beraiek zentral deitzen diote) eolikoaren kontrako jarrera esaterako, teknologia berriek haize errotarik gabeko energia eolikoa noiz asmatuko ote zain edo.
Gurean umemokoena da antinuklearra, energia fosilen aurkakoa eta berriztagarrien aldekoa baina geroko gerotan arituz gero... Oraingoan ere Axularrek arrazoi… nafarra zelako seguru asko.
"Aixerrota", Getxoko Galean