Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Amatiño / Energia paradigmaz aldatzen ari denik ezin uka

Energia paradigmaz aldatzen ari denik ezin uka

Amatiño 2011/06/17 00:00
Ez da zabalkunderik edo oihartzunik gehien izan duen albistea baina, aurreko astean, Repsolek, Espainiako petrolio-konpainiarik handienak, Eskoziako SeaEnergy enpresa erosi zuen 57 milioi euroren truke. Lantegi britainiar honen jarduera nagusia energia eolikoa da, haize-errotak alegia, baina itsasoan. Ze arraio egiten du petrolio-konpainia espainiarrak Erresuma Batuan energia berriztagarriak erosten? Antzerako galdera egin ahal izan genuen aurreko urrian ere.

Aurreko urrian Repsolek eta EEEk (Energiaren Euskal Erakundea) elkarrekin sinatu zuten “argindartegiak” han-hemenka zabaltzeko Ibil egitasmoa, auto elektrikoek argindarra kargatzeko aukera izan dezaten zerbitzua. Eta galdera zera izan zen: zer egiten du gure merkatuan gasolina-zerbitzugunerik gehien duen konpainiak argindar-zerbitzuguneak jartzen?

Logikarik ez zaio falta. Iberdrolak baldin badu argindarra eta Repsolek ezantza… nori legokioke zerbitzugunetan argindarra eskaintzea? Zeini zaio errazago, gasolindegidunari argindarra ere eskaintzea ala argindargileari han-hemenka argi-zerbitzugune berriak zabaltzea?

Era berean, itsas-haizerroten teknologia itsas-plataformetan oinarritzen da. Zeini dakioke errazago, haize-errotak dituenari itsas-plataformak egitea ala petrolio-plataformak itsasoan jartzen urteak daramatzanari haize-errotak itsasoan bertan ezartzea?

Iazko apirilean Repsolek Energia Berriak deitu lansaila sortu zuenetik, petrolio-konpainiak energia-katedra sortarazi zuen Bilbon (maiatzean); bioerregaiak egiteko AlgaEnergy enpresaren %20 erosi (abuztuan); Eusko Jaurlaritzarekin batera Ibil egitasmoari ekin (urrian); 40 milioi euro ezarri Mexikon, jatrofa-erein eta bigarren belaunaldiko bioerregaiak ekoizteko (azaroan); Espainian zehar 80 gasauto edo gas-zerbitzugune zabaldu (martxoan);  83,5 milioi euroz euskal kogenerazio-sistemarik handienetakoa (Garoñaren %25 beste) indarrean jarri (maiatzean) eta orain Eskoziako SeaEnergy enpresa 57 milioitan erosi (ekainean).

Auskalo energia-aldaketa azkar edo soseguz gertatzen ari ote den (bakoitzak jakingo du zenbat gauza egin duen berak azken urtebetean), baina energia paradigmaz aldatzen ari denik ezin behintzat uka. 

 

Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hiru ken lau (idatzi zenbakiz) ?
Erantzuna: