Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Amatiño / Energia, geroko gerotan

Energia, geroko gerotan

Amatiño 2017/06/25 00:05
Funtsean, arazoa zera da: lehen munduak, oro har, planto egin du, eta sekulako ongizatea lortu ostean jabetu da ingurumenaz. Hirugarren munduak, ostera, hazteari eta handitzeari ekin baino ez dio egin, eta lehen munduak aurretik izan zuen garapen berbera amesten eta aldarrikatzen du.

Energia gero eta garrantzitsuagoa da edo, barrena, horrela iruditzen zaigu. Behar bada betidanik izan da garrantzitsua. Segurutik, energiarik ezak eta energia-nahiak hainbat gerraren nondik norakoa azaldu lezakete, mundua mundu denetik; haatik, zer gerta ere, nik ez dut gogoan, 1970eko hamarkada arte, energia nire inguruko gizartearen ardurarik nabarmenetakoa zenik.

Nago, martxa honetan, energia hil ala bizikoa bihurtuko zaigula uste baino lehen. Eta, egon ere nago, energia dela egungo gizartean batere adostasunik ez duten erronketatik larrienetakoa.

Funtsean, arazoa zera da: lehen munduak, oro har, planto egin du, eta sekulako ongizatea lortu ostean jabetu da ingurumenaz. Hirugarren munduak, ostera, hazteari eta handitzeari ekin baino ez dio egin arestian, eta lehen munduak aurretik izan zuen garapen berbera amesten eta aldarrikatzen du.

Hona, zazpi taulatan, zertan den panorama:

 

Consommation_d'énergie_mondiale_en_2010_(kg_équivalent_pétrole_par_habitant)

Mapa honek biztanleko kontsumoa adierazten du. Beltzetik horira, zenbat eta ilunago, kontsumo murritzago. Beltzik bakarra Islandia da; oso ilunak, Estatu Batuak, Norvegia, Finlandia, Belgika, Saudi Arabia eta Australia. Gorriz, Europar Batasuna, Errusia, Libia, Iran, Hego Afrika eta Zelanda Berria. Laranjaz, Mexiko, Brasil, Argentina, Txile, Europar Batasunetik kanpoko hainbat herrialde europar, Algeria, Txina etab. Beige kolorez, Erdialdeko Amerika, Venezuela, Peru, Kolonbia, Bolivia, Ekuador, India, Egipto eta Afrikako beste hainbat. Eta, azkenik, horiz, gainerako afrikar herrialde guztiak, Afganistan, Pakistan, Bangladesh, Myanmar, Laos, Kanbodia, Filipinak eta ingurua.


Lehen hamar herrialdeak

Mundu mailako kontsumo guztiaren (12.002) %65, zerrendako hamar herrialde horiek kontsumitzen dute (7.831). Eta horietarik, erdia baino gehiago (4.718), Estatu Batuen eta Txinaren artean.


Mundu mailako energia kontsumoa

Taula honek azaltzen du herrialdeen ekonomia-garapena eta energia-intentsitatea. Zikuluek adierazten dute kontsumoa, hau da, zenbat eta zirkulu handiagoa, kontsumo gehiago. Horrez gainera, zenbat eta eskuinerago, BEZ/Capita handiago; eta zenbat eta beherago, biztanleko kontsumo murritzago.


C02

Industria kalterik handienen erruduntzat jotzea da egungo gizartearen iruzurrik handienetakoa. Baina CO2 isuri guztien %23 eragile baino ez da industria. Garraioari zor zaio %37, argindarra sortzeari %20 (hirientzakoa, gehienbat) eta nekazaritzari, etxebizitzari eta merkataritzari, berriz, beste %20. Hau da, arazoa ez da industria.


Ekonomia3

Kontua da, mendebaldeko herrialde aberatsetan besterik uste arren, azken 50 urteotan, oro har, ez dela batere nabarmen aldatu munduan energia-kontsumoaren banaketa. Ikatz, petrolio eta gas-kontsumoa ezer gutxi murriztu da 1965 urtetik hona. Nuklearrak lehengo lepotik jarraitzen du eta berriztagarriak ia anekdota hutsa dira mundu osoaren kontsumoari bagagozkio.


C02isuriak

Hain zuzen, egia bada ere Estatu Batuetan zein Europar Batasunean murriztu egin direla azken urteotan CO2 isuriak, egia ere bada Txinan eta Indian (eta populazio handiz suspertzen ari diren herrialde atzeratuetan) ikaragarri gehitzen ari direla, besteak beste ikatza erretzen jarraitzen dutelako. Eta nekez esan ahal izango diegu: "guk erre genuen erre beharrekoa, baina zuek  ezin duzue orain".


Cambios 2050

Etorkizuna begi bistakoa da: suspertzen ari diren herrrialdeetan demografia nabarmen haziko da; garapenak erakarriko du klase ertainak gehitzea eta kontsumoa areagotzea; hiriratze-prozesua etenik gabekoa eta elkarren arteko harremanak eta loturak, ezinbestekoak. Orain dela 250 urte, hiru biztanleetatik bi herrialde ez garatuetan bizi ziren; 50 urte barru, hamarretik bederatzi izango dira. Kontsumitu nahi izango dute, eta orain arte baino dezente gehiago. Guk bezala, alegia.

Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hiru ken lau (idatzi zenbakiz) ?
Erantzuna: