Eneko Sagardoyk, euskaraz, Goetheren testua, Beethovenen musikaz
Ludwig Van Beethoven jaio zeneko 250. urteurrenaz, eta, Negualdeko programazioaren baitan, Euskal Herriko Gazte Orkestrak eskaini du egunotan konposatzaile alemaniarraren Egmont eszena-musikaren 0pus 84-ren hainbat pasarte, Jone Martinezen eta Eneko Sagardoyren laguntzaz. Aurreko larunbatean Donostian, astelehenez Bilbon eta, gaur, Gasteizen.
Adituei jaramonik eginez gero, gazte orkestrak serio asko eta ganora handiz jo zuen Donostian, orekatsu, arretaz eta energiaz, Ruben Gimenoren zuzendaritzapean. Iaio, trebe eta artetsu, berriz, Jone Martinez soprano sopeloztarra, kantari gisa, eta, beste horrenbeste, Eneko Sagardoy aktorea, esatariarenak egiten.
Ez natzaizkie ni, musikaz, musika-adituei kontra jarriko baina, nago, Eneko Sagardoyren kontakizuna, Bilbon behintzat, ez zela hasieran erabatekoa izan. Enekok azkartxo-edo ekin zion; ez, katramilatsu, baina bai ilun eta adigaitz samar, aurrenengo uneetan zertaz ari zenik ere ulertu ez zitzaiolarik. Aurrera joan ahala, aldiz, durangarra istorioaz jabetu zen, gero eta hobeto barneratu, bete-betean zentzuzko jarioa eskainiz, gogotsu, batere lausorik gabeko gardentasunaz. Amaitu ere, espainiar monarkiaren kontra Flandriako Konderriaren askatasun-aldarria dela-eta, biziki sutsu eta oldartsu amaitu zuen, nagusi, Euskalduna Jauregiko premua balitz bezala.
Nik inoiz entzun izan dut Goetheren dramaren kontakizun berberau, alemanieraz, Donostian. Eta ingelesez sarean dago, Jeremy Irons aktorearen intepretazioaz (Bartzelonako Lizeoa, 2016). Baina baita, aurtendanik, euskaraz ere, Eneko Sagardoyren ahotsez, Euskal Herriko Gazte Orkestrari esker. Zorionak.