Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Amatiño / Endarlatsan, behintzat, ez

Endarlatsan, behintzat, ez

Amatiño 2021/03/01 00:05
Dokumentala ez zaio erabat lotzen kazetari-moldeari. Edozelan ere, gertaera (1985) berez bortitza eta larria izateaz gainera, amaren emaria, Jon Arretxeren lekukotasuna eta ETBren artxiboaren altxorra besterik gabe dira aski dokumentua baliosteko.

Olerkia ona izan daiteke, nahiz ulertzeko birritan irakurri behar izan. Bat-bateko bertsoa, ordea, ez. Bertsolariaren bat-bateko bertsoak ez du bigarren abagunerik. Dokumental batek ere ez… are gutxiago dokumental historikoa baldin bada eta xedetzat badu aurreko belaunaldian gertatu izana hurrengoari azaltzea. Honelako zerbait dario “Non da Mikel?” ekoizpen nahasi samarrari.

Hamar urte behar izan omen dituzte dokumentalaren egileek euren ideia mamitzeko eta proposamenak garantzeko. Eta jendaurrean kaleratu da, hain zuzen ere, hedabideek eskaini dutenean CESIDeko Perote koronel-ohiaren eta Guardia Zibileko Gómez Nieto kapitainaren solasaldiaren grabazioa, zeinean elkarri onartzen dioten Mikel Zabaltza “joan egin zitzaiela”. Ulergarria, dokumentalak ezin jaso ahal izatea azken egunotako grabazioa; ez horren ulergarria, ostera, aipamenik ere ez egitea, datua 1996an salatu baitzuten Antonio Rubio eta Manuel Cerdán kazetariek.

Dokumentala ez zaie erabat lotzen ohiko kazetari-moldeei (ez diot horrela izan beharko lukeenik, ez dela baizik) baina, gertaeraren ardatza berez bortitza bezain larria izateaz gainera, ama zenaren emaria, Jon Arretxeren (2017an zendu zen) lekukotasun arteza eta ETBren irudi-artxiboaren altxorra besterik gabe dira, aski eta sobera, dokumentua baliosteko.

Izan ere, ama, bat baino ez omen da; Jon Arretxe antiheroia, behin ez ezik, birritan jausten da Stockholm sindromepean; eta ETBren memoria elektronikoak omentzen du laurogeiko hamarkadako lehen erredakzio hasiberria, hogeitaka urteko kazetariak nahiz kamerak, hiru astean zehar, Iurretatik zein Iruñetik, Endarlatsa inguruan egunero bilduak, afera hartaz gogotik arduratu zirenak.

Tragedia, ordea, zera, Mikel ez zela sekula Endarlatsara joan. Bizirik, behintzat.

Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hogei ken bi? (idatzi zenbakiz)
Erantzuna: