Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Amatiño / Astiro-astiro, itsasoa etorri badator

Astiro-astiro, itsasoa etorri badator

Amatiño 2024/12/13 10:45
Atlantikoko itsasbazterraren erosioa zeharo kezkagarria da Akitania Berrian. Sedimentu nahikorik ezaren eta itsas-mailaren etengabeko gorakadaren eraginez, egoera larria da eta etorkizuna latza, XXI. mendearen bigarren erdialdera begira.

Itsasbazterraren atzerakada hori ez da lurralde guztietan berdin gertatzen ari. Kostalde harritsuan, higadura infiltrazioaren eta olatuen talkaren ondorio da; kostalde hareatsuan, aldiz, arazoa da olatuek daramaten hondar-saldo handiaren eta barealdietan itzultzen duten kopuru murritzaren arteko desoreka. 

Frantzialdeko Bizkaiko Golkoan, hondarra iparraldetik hegoaldera mugitu izan da betidanik, eta klima-aldaketak egoera larriagotzen dihardu itsasoaren mailak gora egin eta muturreko fenomeno meteorologikoek higadura areagotzen ari baitira. Aldi berean, itsasbazterrera lehorretik iristen den sedimentu-kopurua gero eta urriagoa da balaunaldiz belaunaldi, gizakiaren esku-hartzearen ondorioz, hala nola, presak eraikitzea, erreka-ibarrak etengabe urbanizatzea eta agregakinak erauztea.

Akitania Berriko Kostaldeko Behatokiak jakinarazi duenez, itsasertzak, batez beste, 2,5 metro egiten du atzera urtero Girondan eta 1,7 metro Landetan. Atzerakadarik nabarmenena gertatzen ari da Soulac-sur-Mer- hirian, non kostaldeko higaduraren abiadura urteko 4 eta 8 metro artekoa da. Hau da, Europako kostaldeko higadura-fenomenorik azkarrenetakoa.

Kasurik adierazgarrien eta “ikusgarriena”, berriz, Le-Signal eraikuntza da (78 apartamendu), 1960ko hamarkadan itsasertzetik 200 metrora eraikia eta –duela hainbat urte hustu ostean— iaz eraitsi behar izan zutena, itsasoak bere kasa egun batetik bestera bota ez zezan, behar bada telebistaren aurrean, gainera.

Naturaren eraginaren beste adibide bat Saint-Margarita-sur-mer hondartzako bunkerra da. Bigarren Mundu Gerran alemaniarrek 1942an defentsa-harresi gisa eraikia, 50 metroko itsaslabar gainean, honezkero itsasoak maldan behera hondartzaraino bota duena. Zer esanik ez betidanik labar gainean joan izan den itsasbazterreko bidezidorra.

Egindako kalkuluen arabera, Akitania Berrian 86.000 etxebizitza baino gehiago daude 2100 urterako mehatxupean, milaka milioi euroko finantza-galerak besteak beste. Ipar Euskal Herriko kostaldean urtean 25 zentimetroko atzerakada “baino” ez den arren, 52 etxebizitza dira Lapurdiko itsasbazterrean 2050 urterako arriskupean daudenak eta 13.000 baino gehiago, XXI. mendea amaitu aurretik.

Akitania Berriko hedabideek, Sur Ouest (1) egunkaria batez ere, urteak daramatza gertakari hauen berri ematen eta hartaz arduratzen, baina ezer gutxi aipatu izan da, ordea, mugaz honaindian. Izan ere, Landetako itsasbazterraren atzerakada aztertzeko Akitania Berriko Kostaldeko Behatokia sortu zen 1996an. Ez dut uste Kantauri aldian horren parekorik dagoenik.

"Astiro-astiro itsasoa etorri badator" dio burulerroak. Zelan neurtzen ote da astia?

Le Signal
Le Signal, 78 apartamenduko egoitza Soulac-sur-Mer herrian, 1960ko hamarkadan eraikia hondartzatik 200 metrora. Honezkero ez hasi bila... ez dago-eta.

Bunkerra
Alemanek 1942an eraikitako bunkerra. Aliatuen erasoak pitzatu ere ez zuena, itsasoak bota du 50 metroko labarrean barrena.

1) Informaziorik gehiena eta argazki biak Bordeleko Sud-Ouest egunkariak bilduak dira, azken hiruzpalau urteotako kazetari-lanean.

Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Idatzi zortzi zenbakiak erabiliz
Erantzuna: