Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Amatiño / Eman ta zabal zazu munduan gaztaia

Eman ta zabal zazu munduan gaztaia

Amatiño 2024/03/18 20:05
Ahaztu zaigun arren, behi-esnez egindako gazta ohikoena zen gurean orain berrogei urte. Untzaga kaleko (1) Otxandiano jatetxean, Marzel Ajuriak sekulakoa eskaintzen zigun urte guztian zehar. Baina bitxiena ez zen behi-esneaz egindakoa izatea, jaioterritik ekartzen zuela baino, "hatxosteko" (2) Otxandixotik.

Zalantza gutxi gero, 1986an Antxon Perez Callejak, sektorearen hobe beharrez, Idiazabal jatorri-izendapena ezarri zuela merkatuan eta, une hartantxetik bertatik,  merkatua aldatu egin zela. Onerako, orduan behintzat, nortasuna, kalitatea, profesionaltasuna eta izen-aitortzaren mesedetan,  baina ez, behar bada, dibertsitatea lantzearen aldetik. Sasoian sasoikoa, duela berrogei urte lehenetsi beharrekoa eskaintza bateratzea izan baldin bazen, gaur egun, ordea, aniztasun-kanpaiak dira nagusi.

Grezian 35 kilo gazta jaten dute urteko eta biztanleko; Frantzian 25 kilo, Europar Batasunean 15 eta Espainian 10 (kontsumitzaileen %3k baino ez du Idiazabal deitura gogoan). Hain zuzen, Euskadi eta Nafarroa dira gaztarik gutxien jaten duten espainiar autonomiak.

Euskaldun askok (65 urtetik gorakook, batez ere) gogotik maite dugu Idiazabal gazta, jatorriz, gustuz eta esanguraz, baina gazte jendeak ez du atxikimendu berberori. Ondo dago, jatorra da, Euskal Herria eta ardi-gaztaren arteko zila gogoan hartzea, baina urtean zehar jan ohi dugun gaztarik gehiena kanpotik dator eta, ardi-esnez egina, %5,5 (3) baino ez. Esparru honetan, behintzat, lekutan geratzen da gure ustezko KM0 harroxkoa. 

Euskal ardi-gazta (Idiazabal, Erronkari, Irati eta beste) ona bezain ondua da, sendoa eta zindoa, sakona, zapore luzekoa, astuntxoa, ardo beltza eskatzen omen duena, garestietakoa. Frantzian eta Grezian nabarmen gazta gehiago jaten baldin bada, behi-esnez egiten dutelako da, arinago eta janerrazago, anitzago eta merkeago, ardo zuriari ameto egiteaz gainera, praktikan non aukeratu gehiago dutelako. Kontsumoa dibertsitatean datza.

Dibertsitatea

Hain zuzen, aniztasun helburu honekin Euskal Autonomia Erkidegoko 29 esnekoizlek eta eraldatzailek sortu berri dute Euskal Esnekigileen Elkarteasektoreak barne hartzen dituen askotariko produktuak gizarteratzen laguntzeko”, besteak beste.

Bazkide ekoizleen artean, hitzez hitz, “zazpik ardi-esnea ekoizten dute, 15ek behi-esnea eta 8k ahuntz-esnea. Eraldatzaileen artean, hogeik gazta ondua, 15ek gazta freskoa, 11k gazta urdina, 13k gazta laktikoa, zazpik pasta biguneko gazta, bederatzik esne pasteurizatua, bik gurina, hiruk mamia, 14k jogurta, hiruk izozkia, zazpik kremak eta batek gaztanbera egiten dute. Guztira, 105etik gora produktu ekoizten dituzte”.

Idiazabal jatorri-izena eragin zen 1986an, orduko egoerak eskatzen zuen kalitatezko ardi-gaztaren deitura merkatuan finkatzeko. Ia berrogei urte geroago, Euskal Esnekigileen Elkartea sortu berri-berri (4) da,  belaunaldi gazteek eskatzen duten aniztasunari erantzun ahal izateko.

Idiazabal ardi-gazta handiari batere onespenik eta itzalik ukatzeke, beste hainbat gazta-motari ere leku egiteko ordua heldu da, antza. Oro har, nola ardi, behi edo ahuntz-esnez egina izan… hala gazta txuria, urdina edo laktikoa… edo freskoa, ondua zein mendikoa… hona, adibide gisa baino ez,  “Ondare” (Aia), “Kaiolar” (Otsagi), “Fraisoro” (Zizurkil), “Otzara” (Karrantza), “Behiar” (Azpeitia), “Badaia” (Araba) edo Markinako Esneki Zentroak landutako laktikoa, latxa urdina zein sasi-kamenberta eta beste hainbat gehiago.

Zer aukeratu ez da, gero, falta izango... merkatuak erantzuten duen neurrian. 

---oo0oo---

1) Kalbetoi kalean, Txirixo kaleko harmailen barrenean.

2) “Atxostetik atxostera”, Atalak. Nikolas Alzola Gerediaga “Bitaño”. Itxaropena, 1967.

3) Percepción y hábitos de consumo del queso con Denominación de Origen Idiazabal en el País Vasco y Navarra.

4) Gezurra dirudi gero, edozertarako taldeak, elkarteak, bazkunak eta lagunarteak dauden Herri honetan, esnekigileen elkarterik ez izatea orain dela pare bat hilabete arte.


Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Idatzi zortzi zenbakiak erabiliz
Erantzuna: