Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Amatiño / Eman eta zabal ezazu munduan offshorea

Eman eta zabal ezazu munduan offshorea

Amatiño 2012/01/17 22:30
Hurrengo hamarkadan “offshore” energia eolikoak sekulako aukerak eskainiko dituela-eta, Euskadiko Energia Klusterrak lan-talde aproposa sortu zuen 2009an, berehalako etorkizuna zertan izango aztertu eta sektore honetako euskal enpresek euren eskaintza aldez aurretik prestatu zezaten.

Ekimen honen ondorioz iaz argitaratu zen Euskadiko Offshore Energia Eolikoaren Katalogoa non, Energia Klusterra, Energiaren Euskal Erakundea eta Euskal Herriko Itsas Foroa bildu ziren sektore honetan lan egin lezaketen laurogei enpresaren zerrenda osatu eta ildo beretsuan elkarrekin abian jartzeko.

Itsaso gainean ezarri ohi diren haize-erroten sistemari deritzo “offshore” eta, Gamesaren gidaritzapean, nolabaiteko egitasmoa burutu eta landu nahi litzateke, 2020 urtean mundu mailako merkatuak suspertu dezakeen eskariari erantzun ahal izateko. Besteak beste, merkatuaren premiak ikertu, euskal enpresen ahalak aztertu, I+G arloan egin beharreko diru-ezarpenak denboraz bideratu eta erronkari dagozkion oinarriak finkatu, 2012-2015 epealdirako lehenik eta 2015-2020rako gero.  Auskalo ezer handirik erdietsiko ote den azkenean, merkatuak besa. Baina hasteko egintzat jo daiteke inoizko lorpena: euskal laurogei enpresa helburu berberaz elkarrekin kateatzea.

Paradoxa bada ere, euskal itsasaldea ez da inondik ere aproposena “offshore” energia eolikoa eragiteko, baina nonbait munduan barrena ez da behar besteko  itsasorik falta euskal enpresak hartaz balia daitezen. Itsas haize-errotak izan daitezke, antza, noizbaiteko balea-arrantzaren zein ontziolen oinordekoak. Iparragirreren Gernikako Arbola ereserkiak esan bezala:  "Eman ta zabal zazu munduan frutua".

Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Idatzi zortzi zenbakiak erabiliz
Erantzuna: