Emakumeentzako moduko thrillerra
“La chica del tren” (Paula Hawkins, 2015) bost miliotik gorako ale-kopurua saldu duen best-sellerra da eta, honezkero, zortzi argitalpen izan dituena espainiar merkatuan. Denok zain, omen, noiz zinemaratuko eta horra, agertu orduko, losintxarik gehienak zein erraz bihurtu zaizkion ubel. Behar bada, nobelak ez zuen hain harrera onik merezi eta, segurutik, ezta filmak ere, honen epaiketa zorrotzik.
Aditu ofizialen batek adierazi du, filmak ez duela asmatu azpimarratzen, nobelak irakurlearen baitan iradokitako indarra eta dimentsioa. Nire larraineko emakumeei entzun diet, ordea, irakurtzen sumatu ahal izan zuten giro narrasa baino nabarmen jantziago iruditu zaiela ekoizpena.
Txarrena da zinera baldintzatua hurbiltzea, konparaziotan eta erkatze-lanetan aritu beharraren beharrez, aurreiritziz josita joatea. Nire aldameneko emakumeak ez zekien nobelarik zenik ere: “Novela? Qué novela?”. Eta, antza, gustura-edo atera zen, hainbat flash-backez astoratu samarra jaiki bazen ere.
Emakumea, nobelagilea. Emakumeak, gidoigilea eta argazkilaria. Emakumeak, hiru protagonista nagusiak eta emakumea ere, polizia. Sadikoa, berriz, gizonezkoa. Emakumeentzako moduko thrillerra.
Eta, alderantziz ez bezala, emakumeentzako pelikulak erraz asko ikusi ohi ditugu gizonezkook, ganora handirik gabe, inuzente-inuzente.