Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Amatiño / Emakumeen loraldi musikala

Emakumeen loraldi musikala

Amatiño 2021/07/05 18:00
Emakume abeslariek azken bolada honetan bizi duten “loraldiaren bidegile” gisa aurkeztu zuen Eneko Goia alkate donostiarrak Amaia Zubiria, 2021ko Adarra Saria emateko unean. Zalantzarik ez, gero, beste hainbat arlotan bezalaxe, emakumeak loraldi nabarmena suspertzen ari direla kantagintzan zein, oro har, musika-arloan.
Emakumeen loraldi musikala

Emiliana Zubeldia

Orain 50 urte, Ez dok amairu inguruko kantari-andana plazaratu zenean, ia euskal abeslari guztiak, Lourdes Iriondo izan ezik edo, gizonezkoak ziren. Badakit, bai, berehalakoan agertu zirela Amaia Zubiria, Maite Idirin eta beste, baina ezin uka mutilak zirela gehien-gehientsuenak, ez baitzuen Gabriel Arestik alferrik esan Lourdes zela “Euskal Herriaren andregaia”.

Berrogeita hamar urte geroago, panorama guztiz bestelakoa da. Amaia Zubiriaren sari-egunean kantatu zuten Jaione Olazabal, Maider Ansa, Matixa Otero eta Ainara Ortegaz gainera, ezin inondik ere ahaztu puri-purian dauden Sara Azurza, Idoia Asurmendi, Izaro Andres, Olatz Salvador, Garazi Barrena, Sara Zozaya, Ane Sarasua eta beste. Non dira antzeko-edo izan zitezkeen mutil gazteak? Hibai Etxebarria eta besteren bat badira, baina ez, bederen, nesken pareko. Ezta hurrik eman ere. 

Auskalo zergatik neskek nahiago duten abestu eta mutilek, aldiz, musika-tresnaren bat jo. Taula gaineko irudi normala, ohikoa, zera da: neska abeslaria eta gitarra, txeloa, baxua edo bateria jotzen, mutilak. Alderantzizko irudia, mutila mikrofonoan eta neskak tresnaren bat jotzen atzekaldean, pentsaezina da*.

Emakumeak, sokazaleak

Hala ere, bete-beteko kontraesana iruditu arren, emakumeak gero eta gehiago ari dira, musika klasikoko orkestretan, denetariko tresnak jotzen, nahiz, antza, generoak nolabaiteko eragina izan. Esaterako, balirudike biolina, zeharkako txirula edo harpa 'femeninoak' direla eta bateria, tronboia edo saxofoia, aldiz, 'maskulinoak'. Auskalo zergatik, soka eta kantua emeak dira, perkusioa eta jazza, ostera, arrak.

Euskadiko Orkestra Sinfonikoa sortu (1982) zenean, edozein orkestra filarmonikotako musikaririk gehienak gizonezkoak ziren. Berrogei urte geroago, aurreko astean, gaztetxoen Euskadiko Ikasleen Orkestrak (EIO Txiki, 14 urtetik beherakoak) ikasturtea amaitzeko eskaini zuen kontzertuan, neska-mutilak, oro har, erdibana azaldu ziren. Baina alde adierazgarri batez: soka-jotzaileen artean, heren bi neskatoak ziren, eta haize- eta perkusio- arloetan, aldiz, heren bat baino ez. Ez da hau egungo profesionalen arteko genero-proportzioa, baina bai, behar bada, etorkizun gertuaren adierazgarri.

SGAEk 2016-2017 denboraldian egindako ikerketaren arabera, musika da genero-desberdintasunik gehien jasaten duen kultura-arloa. Kontserbatorioetako lizentziatuetatik %43 emakumeak diren arren, %29 baino ez dira konposatzaileen artean eta %5 besterik ez, orkestra zuzendariak.

Emakume konposatzaileen omenetan

Euskal tradizioan ez da, oraintsu arte behintzat, emakume idazle, pintore edo eskultore askorik baina, behar bada, musikagileak izan dira urrienak. Eta, hain zuzen ere, Bilboko zein Nafarroako orkestra sinfonikoek emakume konposatzaileak omenduko dituzte 2021-2022 denboraldian.

Bilbokoak (BOS) Isabel Urrutiaren (Algorta, 1967) “Utopías” eresiaren estreinaldiaz ekingo dio hurrengo denboraldiari, Euskaldunan, eta Nafarroakoak (NOS) iragarri duen programaren arabera,  berriz, Teresa Catalán (Iruñea, 1951) eta Emiliana Zubeldia (Jaitz, 1888 – Sonora, 1987) konposatzaileak ohoratuko ditu Baluarten; getxoztarraren “El canto de Atenea” delakoa estreinatuko da eta nafarraren Pianorako 2. Kontzertua berreskuratuko.

Inor gutxiesteke, 1927tik aurrera hirurogei urtez atzerrian bizi izan zen Emiliana Zubeldiak merezi du, inork merezi izatekotan, erabateko omenaldia. Emakume benetan azkarra; bai argia, egungo zentzuan, baina baita sendoa ere, nafar zentzurik jatorrenean.

EOSen biolin-jotzaileak
Euskadiko Orkestra Sinfonikoan, emakumeak nagusi dira biolin-jotzaileen artean.

 *Hala ere, erregela guztiek omen dute salbuespenik. Horra Azkoitiko Ramona’s First Evil Boyfriend talde hasi berria, zeinean Andrea, abeslaria ez ezik, baxu-jotzailea ere baden.

Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hogei ken bi? (idatzi zenbakiz)
Erantzuna: