Emakumeak maite ez zituzten gizonezkoak
Edozein modutan, nik behintzat Stieg Larssonen nobela irakurtzeke ikusi dut Los hombres que no amaban a las mujeres filma, ez baitut zinera joateko seirehundaka orrialdeko thrillerra irakurri beharrik. Ez beharrik eta ez asmorik. Tamaina horretako fikzioak aspertu egiten nau, nobela beltza izanak ez nau batere animatzen eta, gainera, ez dut astirik. Zinea, aldiz, munduko ikuskizunik handiena iruditzen zait eta igande-arratsalde erdia patxadaz pasatzeko modurik aproposenetakoa.
Nobela irakurri dutenek (jeloskor ematen dute) esan didate 150 minututan ez dagoela dena biltzerik, edozenbat zertzelada erdipurdika gelditzen direla, hainbat zati bigarren nobelatik (La chica que soñaba con una cerilla y un bidón de gasolina) hartu direla eta beste zenbait ez direla ulergarri ere… aldez aurretik nobela irakurtzen ez baldin bada, jakina. Nere ezjakinean uste dut, ordea, filma ez dela nobela irakurri dutenentzat egin eta, txarrenean ere –barkatu naizen harroputz hau--, eskaini didaten informazioaren heinean nik ulertu nezakeen guztia ulertu dudalakoan nagoela. Beste modu batez esanda, alegia: ez-du-da-la-gehi-a-go-be-har.
Tira, honez gero esan gabe doa, filma gustatu zait, bi ordu t´erdiak hegaztadaren letxe joan zitzaizkidan eta Lisbeth Salander (Noomi Rapace) hacker gotikoa pantaila erabat betetzen duten pertsonaietakoa begitandu.
Filmak pasarte baliotsu asko du baina, pasadizoan besterik ez bada ere, bi aipagarri besteak beste. Batetik, Lisbeth Salander protagonistak bere legezko tutoreari ordainetan eskaintzen dion erantzun bortitza (izugarria gero). Bestetik, gure neskatilak Michael Blomkvist (Michael Nyqvist) kazetariarekin di-da larrua jo ostean hanka egin eta bere kautan uzten duenean (barregarria gero). Bata zein bestea feminismorik adierazgarrienaren aldarriak. Eta biak, irakurri baino… ikusi egiten dira.