Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Amatiño / Emakumeak industriaratu

Emakumeak industriaratu

Amatiño 2018/02/27 09:00
Aspaldiotan sarri entzuten dihardugu gure gizarte honen talentuaren erdia emakumeak direla, eta ezin dugula gure talentuaren erdi hori alferrik galdu.

Ni zeharo bat nator ardura horrekin eta sumatu ere sumatzen dut ez naizela ni emakumeen talentuaz baliatu beharraz kezkatzen den bakarra. Izan ere, Euskal Autonomia Erkidegoan behintzat, emakumeen agintepean daude Hezkuntza, Industria, Garapen Ekonomikoa, Energia, Azpiegiturak, Lana, Enplegua, Gizarte politikak, Segurtasuna eta Unibertsitatea, eta sinestekoa da, datu honek nahikotxo frogatzen duela emakumeen talentua balioan jarri nahia.

Aldi berean ikusentzuten ditugu albistegiek etengabe bonbardatzen gaituzten berriak. Esaterako:

 Herri honek aurrera egingo badu industria indartzeari ekin beharko dio berriro ere.

 Industriak eskaintzen ditu aukerarik finkoenak eta ondoen ordainduak.

 Industria, beste edozein sektorek baino lanpostu gehiago eta hobeak eskaintzeaz gainera, ate-zabalik dago, zain, noiz gazte-jende prestua eta prestatua bertara hurreratuko eta bere burua aurkeztuko.

 Lan-merkatuan sartzeko aukerarik gehien duten ikasketak teknologiazko Lanbide Heziketakoak dira: elektrizitatea, elektronika, mekanika, automozioa etab.

Albistegi berberoriek esaten digute, industrian irtenbide profesionalik onenak dituzten lanbide-ikasketen hamar ikasleetatik bederatzi mutilak direla. Egia dela, bai, neskak gero eta gehiago ari direla Lanbide Heziketa egiten baina, egia ere badela, neskarik gehienek jarraitzen dutela zerbitzuez, kulturaz, turismoaz, osasunaz, irudiaz, administrazioaz eta kudeaketaz interesatzen. Eta ez, esaterako, ekoizpenaz, mantenuaz edo informatikaz.

Seguru gero, ezin dugula emakumeek ordezkatzen duten gizartearen talentu erdia alferrik galdu. Baina arazoa da, talentu erdi hori ez dela konturatu, edo ez duela konturatu nahi, industrian daudela lanposturik onenak. Gordin esanda, gure talentuaren erdiak muxin egiten diela lan-merkatuaren eskaintzarik onenei.

Gatozen berriro hasierara. Ekineran esan dugu Euskal Autonomia Erkidego honen Hezkuntza, Industria, Energia, Garapen Ekonomikoa, Azpiegiturak, Lana, Enplegua eta Unibertsitatea, besteak beste, emakumeen ardurapean daudela. Eta, apal asko diot… eta behingoz, emakume agintari horiek elkarrekin bilduko balira, euren talentua zertan den erakutsi eta neskak industriaratzeko programa bateratu bat burutuko balute?

Ala talentu gehiegi behar al da horretarako?

EUSKADI IRRATIA – Albiste Faktoria

Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hiru ken lau (idatzi zenbakiz) ?
Erantzuna: