Emakumeak ez dira buzo urdinaren zale
Orain hiruzpalau hamarkada, legez galerazia zegoen emakumeek petrolio-findegietan lan egitea. Debeku honek batere zentzurik ez zuenez gero, aldarri feministek lortu zuten legea aldatu eta emakumeak alboratzen zituen arau diskriminatzaileak gainditzea. Ia berrogei urte geroago, aldaketa hura lortu zuten emakumeen alabak dira euren buruari eragozpenak jartzen dizkiotenak.
“North Country” (En tierra de hombres) da film ezaguna, non Josey Aimes (Charlize Theron) langileak mortalak eta bi ahalegindu behar dituen burdina-meatzetako “gizon-munduan” lanpostu duinaz jabetu ahal izateko.
Somorrostro ere meatzalde nabarmena izan zen XIX. mendean. Oraindik ere hondartzetako hareak gorri dirau, duela ehun urteko metal-jalkieraren lekuko. Ez dakit nik zein neurritan izan ote zen gogorra meategietako bizitza baina jakin badakit teknologiek ez dituztela alferrik zereginak erraztu eta leundu, eta egungo edozein europar findegitan lan egiteko ez dela indar handirik behar, ez ahalmen fisiko nabarmenik, ez gorputzaldi berezirik. Alderantziz, lehen ez bezala, gaur egun behar den bakarra da sekulako trebakuntza aproposa. Hain zuzen, lan-arlo honetan ere, teknologia-berrikuntza guztiak gertatu dira gizonen eta emakumeen arteko aldeak murriztearen mesedetan.
Haatik, datuak ez doaz norabide horretan. Azken zazpi ikasturteotan 371 beka (846.420 euro) eman ditu Petronorrek. Mutilentzakoak izan dira 338 beka eta neskentzakoak, berriz, 33. Eta, besterik iruditu arren, emakumeen eskabidea ez da 2009tik hona gehitu, murriztu baizik. Hona, urtez urte, beka eskatu eta beka lortu duten (eskatzaile guztiei eman zaie) emakume-kopurua: 4 (2009), 9 (2010), 15 (2011), 2 (2012), 2 (2013), 1 (2014) eta 0 (2015).
Zergatik ez dute emakumeek Lanbide Heziketa teknikorik ikasi nahi? Auskalo! Zergatik egiten diote muzin beka-eskaintzari? Batek daki! Nork bere eskubidea du nahi duena ikasteko eta gehien komeni zaion bekaren aukera egiteko. Baina, gero, ez diskriminazioaren mamurik aipatu, ez lanik ezaz kexatu, ez soldata urririk salatu.