Emakumeak ez dira Bergarako urdinaren zale
Lanbide Heziketako ikastetxeen Nazioarteko Kongresua bildu berri da Donostiako Kursaalean. Bost kontinenteetako 42 herrialdetatik etorritako 700 profesionalek Lanbide Heziketaren egoera miatu dute eta etorkizuna aztertu.
Euskal ikuspegitik, hiruzpalau maratila nabarmendu dira batez ere:
1- Euskal Lanbide Heziketaren maila azpimarragarria da, harro azaltzeko modukoa, beti ere zertan hobetu falta ez den arren.
2- Jakinekoak dira zeintzuk diren nazioarteko modelu eredugarriak, ikastetxeen eta enpresen arteko zubigintza areagotzen dituztenak, besteak beste.
3- Industria da Barne Produktu Gordinaren %24a Euskal Autonomiaren Erkidegoan (Europar Batasunean, %19), eta euskal industriak lehiakor jarraituko badu, ezinbestekotzat jotzen da Lanbide Heziketa indartu beharra.
4- Euskal Lanbide Heziketaren arazoetako bat da emakumeek, industria arloan, ikasketa-mota honi egiten dioten muzina.
Bai, egia da, Lanbide Heziketa ikasten duten nesken kopurua mutilen bestekoa dela, oro har, baina egia ere bada, industria sektorera mugatuko bagara, neskak hutsaren hurrengo direla oraindik.
Adibide gisa, Petronorren datu zehatzei bagagozkie, 2008-2014 arteko sei ikusturteetan Muskizko findegiak 336 gazteri ordaindu die beka bana (denera 820.520 €, bada gero dirutza!), baina 32 baino ez dira neskak izan, urtero-urtero emakumeei dei berezia egin arren.
Ez, bistakoa da gero. Urteak joan eta urteak etorri, emakumeak ez dira Bergarako urdinaren zale.
Bergarako urdinez jantzita, Muskizko findegian