Emakumeak eta euskara, elkarrekin
Orduan jakinekoa zen, neskek mutilek baino errazago eta sarriago jotzen zutela erdaraz hitzegitera. Gaur egun, ordea, guztiz alderantziz da. Neskek mutilek baino samurrago eta maizago hitzegiten dute euren artean euskaraz. Are gehiago, gaztelaniaz diharduten mutilak ere euskarara pasatzen dira neskengana gozoago-edo hurreratu nahi dutenean.
Joan zen mendeko erdi aldera itzuliz, Azurmendi filosofoaren ustez ez omen zen erabat egia neskek ez zutenik euskaraz hitzegin nahi, baizik-eta “ezin zutela hitzegin nahi”. Hau da, Azurmendiren iritziz, emakumeek gizonezkoek baino errazago islatzen omen dituzte gizartean indarrean dauden balioak eta orduko neskak garaiko giroaren termometroa baino ez ziren. Beste modu batez esanda, neskek ez zuten euskaraz hitzegiten, garai hartako gizartean ez zegoelako joeran euskaraz egitea. Euskarak ez zuelako behar beste balio.
Mende erdi geroago, giroa dezente aldatu da. Martxoaren 8ko emakumeen marearen inguruan, ez dakit nik benetan egia ote den, Argia astekariak aldarrikatu bezala, “feminismoak bihurtu direla aldatu nahi dutenen oinarri”, baina egia da, behintzat, nekez imajinatu daitekeela gaur egungo euskal gizartean, gizonezkoen antzerako konzentraziorik non euskarak pareko presentziarik eta dentsitaterik izango lukeen.
Egungo egoera honetan, ez dut uste lar esatea denik, euskararen osasuna, emakumeen euskaltzaletasuna eta gizartearen euskal balorazioa ildo beretik doazela. Auskalo euskarak aurrera egin ote duen neskak euskaltzaletu direlako edo neskak euskaltzaletu diren gizarteak euskara birbaliotu duelako. Baina, zer gerta ere, emakumeak eta euskara elkarrekin doaz. Orain mende erdi bezalaxe. Orduan euskararen kalterako, orain, ostera, mesedetan.
EUSKADI IRRATIA - Albiste faktoria