Emakumea eta figuratiboa, bekatu larriak
Menchu Gal (Irun, 1919 - Donostia, 2008)
Apirilaren 22an amaituko da, Valentziako IVAM (Instituto Valenciano de Arte Moderno) museoan, Menchu Galen erakusketa. Aurretik izan zen Iruñean, Malagan, Marbellan eta Tolosan; datorren udan izango da New York-en; Gabonak aurretik Bilbon eta ondoren, berriz, Donostian. Menchu Gal Fundazioaren egitasmoa bat besterik ez da: irundarraren pintura ezagutarazi eta hari zor zaion gorazarrea egin.
Familia errepublikar, liberal, kulturadun eta dirutsuaren alaba, Menchu Galek zazpi urterekin izan zuen Montes Iturrioz Irunen bertan maisu; hamahirurekin Amédée Ozenfant artista, Parisko Montparnassen; eta, hamabostekin, Arteta eta Vázquez Díaz Madrilgo Arte Ederretako Akademian.
Gerra-garaia (1936-39) Atharratzen igaro ondoren, 1943an berriro ere Madrilen da Benjamin Palencia eta “Madrilgo Eskolako” beste hainbat pintorerekin batera. 1959an irabazi zuen Pintura Sari Nazionala (“Arrayoz” deitu margolanaz), Antonio Lópezen aurretik. Ez zuen, ordea, sorterririk erabat utzi eta Bidasoako Eskolaren pintura “naturalistaren” lekukorik nabarmenenetakoa izan zen.
Gerra osteko hiruzpalau hamardatan suspertu ziren euskal artistarik eta pintorerik ezagunenekin harreman estuak izan arren, Menchu Galek ez zuen ospearen mugarria gurutzatu ahal izan. Zenbaiten ustez, pintura abstraktoaren nagusitasunak ez ziolako zirrikiturik ere utzi. Beste hainbaten ustez, emakume bakarra baino ez zelako gizonezkoen munduan; eta behar bada, guztiaz gainera, berak behin aitortu zuenez gero: “… he sido siempre un desastre para eso de la promoción”.
Menchu Gal 2008an hil zen. Bizpahiru urte lehenago jaso zituen Gipuzkoako Foru Aldundiaren zein Irungo Udalaren Urrezko Dominak eta Eusko Ikaskuntzaren Manuel Lekuona Saria.
Ezagutu zutenei jaramonik egingo badiegu, zinean txirikordatzeko bezalako bizitza limurtzaile bezain iradokitzailea izan zuen arren, inork ez du haren izakeraz, jarreraz eta jokamoldeez biografia ziztrinik idatzi. Ozta-ozta dakigu nor izan zen Gal pintorea. Sekretupean dirau, ostera, Menchu emakumeak.
Itsas pintura
Joxe Joan Gonzalez de Txabarri Menchu Gal Fundazioaren Idazkariak esana: "ezagutzeko moduko emakumea zen Menchu Gal. Pertsona zein artista erakargarria. Ez, horregatik, garaian garaiko uzta gogoko dutenentzat, molde-urratzailea izatea barne-muinetan baitzeraman. Molde zaharrak ekarpen berriak eginez gainditu.
Libre izatea, loturarik gabe bizitzea zuen ezer baino gehiago gogokoagoa. Bakarrik, baina libre. Lagunez inguratuta, baina bakarrik.
Etsipena eta porrota nagusi ziren Europako zein Espainiako gerrate arte beltzetan kolore alai eta indartsuz jantzi zituen bere margolanak Menchu Gal-ek.
Agintekeria eta hertsikeria moralez jositako XX. mendeko lehen hamarkadatako gizonen erreinuan izpiritu askeentzat bazela lekurik aldarrikatu zuen emakume liberalak".
Nora Askargorta eta Ana Aranberri, IVAMen atarian, Valentzian.