Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Amatiño / Emakume eredugarri bezain ezezagun edo ikusezinak

Emakume eredugarri bezain ezezagun edo ikusezinak

Amatiño 2024/02/12 16:20
"24 Emakume zientzian, artean eta letretan" programarekin bat eginez, hiru solasaldi (1) antolatu ditu Jakiundek San Telmo Museoarekin elkarlanean. Baita Museo atarian jarri ere zutikako zortzi zutabe triangeluar, non 24 emakumeon izenak, argazkiak eta azalpen laburrak jendaurrean agertarazten diren.

Erakundeak berak aitortzen duenez, “Jakiunde jakintzaren eta esperientziaren topaleku da, eta arlo ezberdinetako aditu diren kideen talentua eta hausnarketarako ahalmena gizartearen eskura jartzea du helburu (...) Jakintza eta zorroztasun zientifikoa gizartearen esku jarriz, haren eragile aktibo izan nahi du, egungo arazoei eta erronkei irtenbideak bilatzen lagunduz.”

Egungo erronka horietako bat da “emakumeek jakintzaren arloetan egiten duten lana ikusezin bihurtzen duten gizarte-ohiturak gainditzea”. Alegia, “neska-mutilek edozein diziplinatan aukeraberdintasunean ikasi eta lan egin dezaten, gure gizarteak emakumeek bizitzako arlo guztietan duten presentzia ezagutu eta ikusarazi behar du”. 

Hain zuzen, “24 Emakume zientzian, artean eta letretan ekimenaren helburua da gizarteari errealitate hori erakustea eta etorkizuneko belaunaldiak inspiratzea” eta, hartara,  24 emakumezko jakitunen izen-abizenak, argazkiak eta azalpen laburrak bildu dira propio argitara emandako "koadernoan".  

Horrako koaderno horretan ikusi ahal izateaz gainera, Donostiako Zuloaga plazako zortzi zutabe triangeluarretan behatu daitezkeen 24 emakumeak (hiru, zutabe bakoitzeko) honako hauek dira: Itziar Alkorta, Nora Alonso, Alicia Alonso, Maite Apeztegía, Maribel Arriortua, Itziar Astiazaran, Lourdes Basabe-Desmonts, María Bayo, Teresa Catalán, Conchi de la Rua, María Jesús Esteban, Eva Ferreira, Esther Ferrer, Begoña García-Zapirain, Aran García-Lekue, Sonia Gaztambide, Naroa Ibarretxe, María Iraburu, Mariasun Landa, Helena Matute, Carmen Mijangos, Oihana Otaegui, María Teresa Tellería eta Ana Zubiaga.

Bote lasterrean, zenbaten berri ote nekien nik bertaratu aurretik? Edo, hobeto esan, zenbat nituen nik ezagun? Nik neuk, guztira, sei.

Batek daki proposatutakoen artetik %25 ezagutzea gutxitxo ote den ala ez. Ez dit datuak, besterik gabe, argibide esanguratsurik eskaintzen. Bai, ordea, ezagun ditudan seietarik hiru, idazle, artista edo musikari direnaz jabetzeak eta beste hiruak jarduera publikoa dutela konturatzeak.  Alegia, zientzian, ikerkuntzan, teknologian eta jendaurreko lanposturen baten ari ez direnak zeharo ezezagunak zaizkit, ez dakit "ikusezinak” ote diren, inoiz informatu gabekoak ala inoiz erreparatu gabekoak. Ez da berdin.

Zergatik ote zaizkit ezezagun? Zergatik ez ditut orain arte ikusi? Zergatik ez dut euren berri jaso edo neureganatu? Galdera erraza da. Erantzuna ez horrenbeste.

1) Lehen solasaldia otsailaren 3an izan zen, “Giza-garuna moldatzen haurtzaroan: eragin genetikoak, eta familia- zein gizarte-ingurunearen eraginaz”. Bigarrena, otsailaren 21ean, “Giza-garunaren azterketaz, neurozientziaren eta eboluzioaren ikuspegitik abiatuta”. Eta hirugarrenak, berriz, otsailaren 27an, honako galdera honi erantzun nahi izango dio, “Sesgorik gabe pentsatu al dezakegu?”

STM 24 emakumeak
Zutikako zortzi trianguluak Donostiako Zuloaga plazan.
Markos Zapiain
Markos Zapiain dio:
2024/02/13 17:43
Hori da, Amatiño, erantzuna ez hainbeste. Nik ez ditut ezagutu Mariasun Landa, Maria Bayo, Esther Ferrer eta Ana Zubiaga baino, eta azken hori ez bere meritu zientifikoengatik, baizik eta Gernikan bullying egiten ziotelako, baserritarra zela eta.
Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hiru ken lau (idatzi zenbakiz) ?
Erantzuna: