Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Amatiño / Elvis Presley, bere burua hankaz gora bota zuen erregea

Elvis Presley, bere burua hankaz gora bota zuen erregea

Amatiño 2022/06/29 09:00
“Elvis” (2022). Segurutik gustura ikusteko moduko filma, gehiegirik espero ez duenarentzat; baina desengainu nabarmena, ostera, nostalgia besapean hartuta doanarentzat. Piroteknia asko, baina suziri luzeegiak bezain meharregiak. Arimarik gabeko nolabaiteko bertsioa.
Elvis Presley, bere burua hankaz gora bota zuen erregea

Comeback, Butlerri esker

Edozein ikuskizuni gerta dakiokeen ajerik larrienetakoa da ikuslea erlojura begiratzen jartzea, noiz behingoz amaituko. Hauxe da Baz Luhrmann zuzendariaren “Elvis” pelikulari gertatzen zaiona. Australiar zinegilearen ohiko piroteknia (plano motzak, lasterrak, hausgarriak, zatituak, partekatuak, ezustekoak…) ez da aski suertatzen,  ordu bi eta erdi luzez, jaramon eginarazteko. Eta Elvis Presleyren (1935-1977)  belaunaldikoak ernai mantentzeko gauza ez bada, nago ez ote litzatekeen are zailago izango  Elvis sekula bizirik ezagutu ez zutenentzat. Baina, behar bada, horregatik hain zuzen ere, zeharo oker nagoke. 

Elvisen kantaldiak heldu ziren, 1960ko hamarkadan, “munduko ikuskizunik handiena” izatera, baina, bospasei hamarkada geroago, 2022ko filmak ez du orduko zereko zerik eragiten, eta bai, ordea, orduan baino kitschago antzematen. Ezin, baina, Elvisenak egiten dituen Austin Butler aktore eta kantariari ezer leporatu, berau baita ekoizpenari eusten dion zutaberik bakarra.

Ez da estetika-kontua soilik. Filmak eskaintzen digunaren arabera, balirudike dena dela faltsu samarra, sasi-benetakoa, arima gabekoa,  itxurazkoa baino ez, mundu guztia lekuz kanpo balego bezala. Ezinduena da Elvisen gurasoen jarrera; Elvisen (Austin Butler) eta Priscilla (Olivia DeJonge) senar-emazteen harremanek ez dute batere zirrararik (lekutan geratu da "Love me tender"); Tom Parker (Tom Hanks) managerraren azpijoko eta iruzurrak larregi errepikatzen dira; Elvisen jarraitzaile zurien histeria... histeria besterik ez da, eta Elvis bera, ostera, inoiz heltzerik lortu ez zuen nerabea. Nonbait ematen du, zentzuzko ingurumari bakarra Beale Street kale mitikoa dela eta jenderik normalena, eskuzabalena eta zoriontsuena, berriz, Menphisko gizarte beltza, zeinen inguruan Elvisek bere egin zuen rock-and-rollaren muina, blues- eta country-doinuak elkarrekin uztartuz.

Filma, bestalde, Estatu Batuetako hiru hamarkada (1950-1970) garrantsitzutan zehar gertatzen da, garaiko kultura-iraultza islatu nahi du eta Elvisen beraren barne-bilakuntza erakutsi, hain zuzen –paradoxa bada ere— garapen pertsonal hura behin eta berriz eragozten ahalegindu zen Parker manager maltzurraren kontakizunaren ildotik. Hartara, argia eman beharko lukeena karikatura ilunegi eta sinesgaitzegia da, eta istorioak huts egiten duen heinean, historia osoa kili-kolo geratzen da.

Elvisen ikuskizunek (taula gainean) eta bere galbideek (bizitza pertsonalean) oratzen dute filma, baina ez dira aski bi ordu eta erdi luzean ganoraz eusteko.

Elvis Presley
Austin Butler (1991 - ) eta Elvis Presley (1935 -1977)
Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hiru ken lau (idatzi zenbakiz) ?
Erantzuna: