Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Amatiño / Elkanoren bostehungarren aldarrikapena

Elkanoren bostehungarren aldarrikapena

Amatiño 2018/06/26 17:00
Mundua hasia da prestatzen, lehenengo zirkumnabigazioaren bostehun urteurrena. Elkanoren oroitzapena aldarrikatzeko, Euskal Herriak galdu behar ez lukeen abagunea.

Munduak badaki Magallanes potugaldarra atera zela, bost itsasontzitan, berrehun eta hirurogeita bost marinelekin batera. Ez daki, ordea, Magallanes bidean zendu zena eta, Elkanoren gidaritzapean, hemezortzi lagun baino ez zirela itzuli, hiru urte geroago, itsasontzi bakarrean. Hemezortzi marinel haietatik, lau euskaldunak ziren: Getariako Elkano bera, Bermeoko Akurio, Barakaldoko Zubileta eta Arratia bilbotarra.

Julio Caro Barojak esana da, Euskal Herriari ondo joan izan zaizkiola gauzak itsasora begira aritu denetan, eta maldan behera, aldiz, itsasoari bizkar eman izan dion bakoitzean. Auskalo, egungo euskal gizarteak itsasoari begira ala bizkarra ematen ote diharduen azken bolada honetan.

Bistan da, gaur egun ez garela ateratzen Ternua aldera balea billa; ez dela itsasoan agertzen zilarrezko tronpeta, ezta ere ikaratzen olandresen ibarra. Ameriketako diruaren hotsa aspaldi isildu zen, ontziola handien garairik onenak itzali dira eta arrantzuaren sektorea gure Barne Produktu Gordinaren ehuneko bat baino ez da.

Hala ere… sekula historian ez da gaur bezainbat euskal hiritarrik itsasaldean bizi izan. Euskal Herrira datorren turismorik gehiena ez dator, behar bada, hondartzen aitzakiaz, baina bai, behintzat, itsasaldera. Gure ontziolen garrantzia ez da segurutik neurtzen kopuru handiz, goi-teknologiaz baino. Euskal esportazio guztien ehuneko 60 inguru, Bilboko, Baionako eta Pasaiko portuetatik ateratzen da, eta gaur egun bada itsas petrolio-plataformen eta itsas haize-erroten inguruan, orain hogei urte eskas inork nekez sumatu zezakeen industria aurreratua.

Bai, globalizazioaren garaia bizi dugu. Baina, nork esan du globalizazioa berria denik? Orain bostehun urte munduari buelta globala eman zion lehena euskalduna izan zen. Borneon elefante-gainean sartu zen Elkano kapitan pilotu berbera. Kontua da, ordea, geroztik bostehun urte igaro arren, munduak ez dakiela oraindik Elkanoren berri. Ez diogula guk kontatu, alegia.

Behar bada ez gara munduan txarrenak lanean, baina bistan da gero, marketinean eta komunikazioan zer aurreratu asko dugula.

Bostehungarren urteurrena balioko al du Elkanoren protagonismoa aldarrikatzeko?

EUSKADI IRRATIA - Albiste faktoria

Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Idatzi zortzi zenbakiak erabiliz
Erantzuna: