Eliza guztion etxea izan dadin erronka
Gero eta jende gutxiago joan ohi da mezatara eta, behar bada, joateko ohitura dutenak ez dira mezu berriak entzuteko asmotan bertaratzen. Hainbat urteko errutina da, gaztetatik ikasia eta seguru, gero, kristau eliztarrek jarraitzen dutela joaten euren fedeak horrela eskatzen dielako eta, gainera, zer demontre, gogoko dutelako. Etxetik irten aurreko erabakia da, ez apaizak zer esan dezakeenaren arabera.
Ez da horrelakorik gertatu izaten, ordea, elizkizunetan. Halakoetan, bisitaria ez da ezelango errutinak eraginda joaten, hil berri den senide, adiskide edo ezagunaren gorpurari azkenengo aldiz laguntzera eta agur esatera baizik. Eta honelako ezohiko une berezietan apaizak zer esango ez da hutsala. Nago, ordea, apaiz guztiak ez direla beti honetaz jabetzen eta, jabetzen direnen artean, bi jokabide desberdin, zeharo kontrajarriak, hartzen dituztela.
Badira, uste dutenak, noizik behin baino azaltzen ez direnak ez direla ohiko predikua entzutera joaten, esanak esan ez direla biharamunean berriro ere zintzo-zintzo elizaratuko, ez dutela ezelango parabolaren azalpen barrokorik eskatzen eta, txarrenean ere, ez dutela bide batez erriertarik merezi izaten. Gainera, ez gero ahaztu, ez direla eliza ikustera joan, are gutxiago apaizaren hausnarketa pertsonalak entzutera, galdu berri duten lagunaren memoria omentzera eta goraipatzera baino.
Badira, ordea, eliza gainezka ikusita, normalean joaten ez diren aurpegi berriez inguratuak, ezohiko aukeraz baliatu nahi izaten dutenak mortalak eta bi esateko, izugarri zorrotzak izateko. Nonbait, “urrezko unea” probetxatu nahi izaten dute, euren sinesmenaren esentziak finkatzeko eta, behingoz, fede gabeko ardi galduak ebanjelio santuaren zidorretik bideratzeko. Halakoetan ez da inon enpatia izpirik agertu izaten, ez errukirik sumatzen, ez guztiak bertan elkartarazi dituen hildakoa gogoan hartzen.
Eta hau ez diot nik, nolabaiteko haserraldian. Vatikanoaren komunikazio-estrategian bada, hitzez hitz, Frantzisko Aita Santuaren gomendioa, parrokia guztietako apaizek –eta parrakoak badira zer esanik ez, nahiz eibartarrak izan— sakristiako atearen barrualdean jarri eta aldarera irten aurretik beti irakurri beharko luketena: “Lehenengo ebanjelio-bidea apaiz, erlijioso eta laikuen etsenplu ona izanik ere, une orotako erronka nagusia da, eliza guztien etxea dela adierazteko, gauza izatea”.