Eliza erromanikoa zuretzat
Ez da horrelakorik gertatzen, abuztuan behintzat, Majones herriaren kasuan, bertako Salvador eliza erromanikoak ezohiko aingeru guardakoa baitu. Beatriz Francisoud Araguas deritza, Bartzelonan bizi da, baina aitona, Gumersindo Araguas Labarta, bertakoa zenez gero, abuzturo hamabost eguneko oporrak pasatzen ditu Beatrizek arbasoen sorterrian eta egunero, bi ordutan, Salbatore elizaren ateak bere kasa irekitzen. Baita, datorrena datorrela, abegi ona egin ez ezik, beharrezko arte- eta historia-zertzelada guztiak eskaini ere, musu-truk gainera.
Lar denbora joan da azken aurpegi-garbiketa egin zitzaionetik mila urteko eliza honi eta, eroriko ez bada, zer konpondu asko eta asko du. Baina Majonesen hiru lagun besterik ez dira gaur egun bizi... urtean behingo meza (abuztuaren 6an) baino ez da ematen... ez da Huescan galbidean dagoen ondare bakarra... diru-ahalmenen eta lehentasunen arteko oreka ez da erraza eta… Beatrizek hamabost urte inguru daramatza bere oporretako hainbat ordu eskaintzen, itxaropen-kriseilua betiko amatatu ez dadin.
Aurtengo “denboraldia” datorren larunbatean bukatuko da. Inork beste egitasmo hoberik ez balu, hona aukera, igandean itxiko den eliza erromanikoa barrutik ikusteko, gidari partikular eta guzti. Nahikoa da Beatrizi telefonoz deitzea (656 377 588) edo, errazago, arratseko 6etatik 8etara atarian azaltzea. Gainerako guztiak Beatrizen kontu, agoteen ertzeko sarrera txikerretik, goiko kanpai-dorreraino. Linternatxoa darama eskuan eta hitz-jario erraza ezpainetan, doinu gregorianoak entzuten diren bitartean,
Gogoan izan, Majones dagoela Aragoi eta Nafarroako muga-mugan; Salvador elizaren (sortzez lekaime-monasterioa, behar bada) lehen aipamena Maxonisko Onnekaren agirietan (1025) agertzen dela eta bigarrena, berriz, Ramiro Aragoiko lehen erregeren testamentuan (1029).
Ez ahaztu, gainera, Ramiro I.a Aragoikoaren gurasoak Antso III.a Nagusia eta Antsa Oibarkoa izan zirela. Eta erretaula barrokoaren egilea, berriz, Ugalde izeneko zurgin giputz aurreilustraturen bat.
Ezin esan dena “etxean” geratzen denik, baina tira, urrutiegi ez behintzat.