Elissalde, Azkue astindu zuen apaiz pilotaria
Euskaltzaindiak argitara eman berri du “Zerbitzariren idazlan hautatuak” deritzan antologia, zeinean, 663 orrialdetan barrena, Jabier Kaltzakorta euskaltzainak paratu dituen Jean Elizalde “Zerbitzari” (1883-1961) izan zenaren bizitza, idazlanak eta gainerako zertzeladak. Sekulako ikerlana eta bilketa galanta.
Jean Elissalde Azkainean jaio zen 1883 urtean, 1909an. apaiztu eta 1914ko Gerra Handian Eskualduna astekarian idatzi zituen fronteko kronika latzak (andari-lanaz arduratu zen), “Zerbitzari” izengoitiz gehienbat. Euskaltzain izendatua (1930), sarrera-hitzaldian ahozko euskara aldarrikatu zuen, betidanik herri-hizkerari izan zion berebiziko atxikimenduaren ildotik.
Kaltzakortaren ustez, Jean Hiriart-Urruty (1859-1915) ondoko idazle andanan, aurreneko lerroan dago Elissalde. Ez zuen XVII. mendeko lapurtar klasikoen euskara eredutzat hartu, bertatik bertara ezagutzen zuen ahozko euskara bizia baizik. Kaltzakortaren hitzetan: “Elissalderen euskara ederra bada ere, kontatzeko era egiten zaigu batez ere miragarri”. Ideologiaz, ez zuen Eskualduna agerkarian Frantziaren aldeko jarrerarik ezkutatu. “Gizon argal, gihartsu eta zainarta”, pilotazale amorratua ez ezik, baita pilotaria ere eta, aldi berean, “errekastoetako arrantzaria eta onddoketaria ere bai”.
Elissalde eta Euskaltzaindia
Jean Elissalderen ustez, Euskaltzaindian ez zuen Iparraldeak Hegoaldeak adinako pisua. Iparraldeko ikertzaile eta idazleak, hein handi batean, ez zeuden Akademian beren merituen arabera onartuak,
Azkueren jokabidea salatzeko gutun irekia idatzi zuen, non, besteak beste, adierazi zuen Azkuek berak hautatzen zituela euskaltzainak, Iparraldeko lan onak eta ugariak Euskaltzaindiak onartzen ez zituen bitartean. Jean Elissalderen arabera, Euskaltzaindiak partaide izan beharko lituzkeen euskaltzainen kopuruak eta balioak ez zetozten bat errealitatearekin, Azkuek ahantziak baitzituen Iparraldeko idazle eta ikertzaile asko.
Elissalderen idazlanen antologia
Bostehundaka orrialde osatzen dute Kaltzakortak bildu dituen Elissalderen idazlanak. Informazio gainbegiratu gisa laburtze aldera baino ez, hona zazpi-zortzi sailetan nolabait banatuak.
-- 1914ko Gerra Handiko kronikak.
-- Mexikoraino egindako bidaia (hango euskaldunen artean Ustaritzeko apaiztegia eraikitzeko diru-eskaka).
-- 1956an, 225 erromes euskaldunekin batera Erromara egindako bidaiaren kronikak.
-- Hendaiako Etienne Pellot itsasturiaren menturak euskaraz.
-- Erlijio-lanak eta Théophane Vénarderen gainekoak.
-- Frantses Xabier santuaz, Eskualduna astekarian 17 ataletan argitara emandako ale-sorta.
-- Pilotaz han-hemenka idatzitakoak eta beste hainbat artikulu eta ipuin.
Euskaltzaindiaren bilera, 1927an. Ezkerretik eskuinera, zutik, Nikolas Ormaetxea "Orixe", Jean Elizalde, Seber Altube, Julio Urkixo eta Erramun Olabide. Eserita, Juan Bautista Eguzkitza, Bonifacio Etxegarai, Resurrección M. Azkue eta Georges Lacombe.
• ZERBITZARIREN IDAZLAN HAUTATUAK. Jabier Kaltzakorta. 35Euskaltzainak bilduma. Euskaltzaindia, 2021.