Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Amatiño / Elebitasunak Alzheimerra berandutu

Elebitasunak Alzheimerra berandutu

Amatiño 2024/05/16 16:10
Elebidun izateak Alzheimerra erraztuko ote lezakeen susmorik txikiena balego, argi gorri guztiak isiotuko lirateke eta hedabideetan behin eta berriz gogoratu. Jakina izanik, ostera, elebitasunak Alzheimerra berandutu dezakeela, zergatik ez da agerian onuren berri ematen?

Alzheimerra ekiditzeko edo berantarazteko errezeta zaharra da, zaharrik bada, nahiz sarri asmakizunik handiena balitz bezala aurkeztu. Alegia: burmuinak bizkortu, ondo jan, hobeto lo egin, ahalik eta gutxien estresatu, lagunak ez galdu, kirolik ez ahaztu, bihotza zaindu eta tabakoa zein alkohola uxatu. Hortik aurrera, senideen arteko aurrekaririk baduzu, kontuz. Batez ere, emakumea baldin bazara,

Amatiñoneko nire “aitajun” bergararrak ere horrenbeste bazekien. Kontua da, ordea, hain errezeta anitza osorik hartu beharrean, guztiok dugula nork bere interpretazioa egiteko tentaldia, eta norberaren gustu, zaletasun edo egokieraren arabera iritzi-miritzi eta hautu-maututan hastearen --eta galtzearen-- arriskua.

Alegia, kirol zaleak esan ohi du garagardo pareak ez diola inori kalterik egiten gimnasiotik irten edo mendi-buelta egin ondoren. Tripontziak pentsa dezake ez dela litxarreriarik lagunartean janez gero. Gautxoriak uste izango du berandutxo oheratzeak ez dakarrela ejerik biharamunean noiz jaikiko ardurarik ez bada, eta melomanoak erraz azpimarratu nahi izaten du musika irakurketa baino suspergarriagoa dela.

Arlo, gai, plazer edo zaletasun bakoitzak bere esparrurik maitatuena proposatu izaten du, eta buruak erraz asko ameto egin, betekizunik garrantzitsuena hark gogokoen duen jarduera balitz bezala. Nork bere burua sinestarazten artistak gara, gero.

Errezetaren betekizun anitzak aletzerakoan eta, zehatz, burmuinak bizkortzeko edo suspertzeko ariketei dagokienez, harrigarria da zein gutxi aipatzen diren elebitasunari darizkiokeen onurak eta abantailak.

Edozein ariketa-programak esango dizu, musika-tresnarik jotzea, beste hizkuntzaren bat ikastea, eguneroko albisteak irakurtzea edo sudokuak egitea, aukera zein baino zein aproposagoak direla neuronak aktibatzeko. Baina gero, praktikan, izugarri zail da elebitasunaren onuren aipurik aurkitzea Alzheimerra atzeratzeko eginkizun objektiboen programetan, sudoku koskorrak egitearen alderdi onak txitean pitean aipatzen diren artean.

1970eko hamarkada arte euskara ikastea gaztelaniaren kaltetan zela behin eta berriro otzan asko entzun behar izan zuen gizarte honek badaki, honezkero, elebitasunak onurak besterik ez dakartzala Alzheimerra berantarazteko tenorean. Baina, nonbait, ez du, oraindik, bozkariotsu agertzeko besteko adorerik.

Elebidun izateak Alzheimerra erraztuko ote lezakeen susmorik txikiena balego, argi gorri guztiak isiotuko lirateke eta hedabideetan behin eta berriz salatu. Jakina izanik, ostera, elebitasunak Alzheimerra berandutu dezakeela, zergatik ez da abantailarik nabarmentzen?

Markos Zapiain
Markos Zapiain dio:
2024/05/22 13:17
Oso ona, Amatiño. Hainbat txoko eta hedabideren arabera, gaztelania eta ingelesa jakiteak bai, alzheimerra atzeratzen du; baina gaztelania eta euskara jakiteak goitik behera ergeltzen zaitu. Begira bestela zein ebakuntza traketsak egiten dituzten gaztelaniaz gain euskaraz ere dakiten medikuek.
Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Idatzi zortzi zenbakiak erabiliz
Erantzuna: