Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Amatiño / Ekonomiarik ere bada euskararen munduan

Ekonomiarik ere bada euskararen munduan

Amatiño 2010/10/17 00:00
Orain hurrengo euskarazko irratsaio-arduradunak aitortu zidan gero eta errazago eta sarriago aipatu ohi dituztela gai ekonomikoak. Berak esana “aurrekoan, estreinako, hiru enpresari bildu nituen eta… oso ondo”. Kazetaria bera harrituta lortutako balentriaz. Auskalo noiz ekin ote zitzaion euskararen normalizazioari baina, begi bistakoa gero, oraindik ere makinatxo bat falta zaigula gaina hartzeko.

Bai, gero eta gehiago hitzegiten da ekonomiaz eta enpresaz* euskarazko telebista eta irratsaioetan. Segurutik arrazoiak edozenbat dira. Batetik, onerako zein txarrerako, ekonomia modan dago, zer gerta ere gehienoi nola-hala dagokigun gaia delakoan edo. Bestetik, gero eta gazte-jende jantziago dugu eta honez gero urteak daramatzate “letretako” gaietatik ateratzen. Horrez gainera, ekonomiaz nahiz enpresaz hitzegin dezaketen adituek eta eragileek lotsa galdu dute  eta  baita, behar bada, beldurra uxatu ere.

Gogoan dut ETBn hasi ginenean zenbat kostatzen zitzaigun ekonomiaz hitzegin lezakeenik aurkitzea. Zer esanik ez, berriz, enpresaririk. Sasoi batean enpresaburuak gehiago ziren jabeak exekutiboak baino eta, euren lantegiez inork baino gehiago zekiten arren, ez zuten inondik ere uste izaten sektoreaz, egoeraz edo abaguneaz ezer esateko nor zirenik.

Herri-euskararen normalizaziorik ezaren inguruan ere ez zen arazorik falta izaten. Ezin ahaztu nik baino dezente euskara jatorrago zuten enpresarien eragozpen latzak eta izerdi hotzak  lau esaldi labur mikrofono aurrean adierazteko. Galderak aurretik eskatu, erantzunak bizkaieraz bere kautan prestatu, batueraz “itzultzeko” idazkariari pasatu, buruz ikasi eta –baldintza bakartzat-- galderen ordena inondik ere ez aldatzeko eskatu zidan enpresaburua bizi da oraindik.

Eta jakina, laino guztien azpititik eta sasi guztien gainetik… beldurra, jendaurrean agertzeko kristoren erreparoa, ugazaba izatea bekatu bailitzan, beti ere ezkutuan egotea seguruago zelakoan.

Ia hogeita hamabost urte joan dira 24 Ordu Euskaraz irratsaioa estreinako egin zenetik hona, eta beste horrenbeste euskarazko lehen prentsaurrekoa izan zenetik. Honez gero gure kazetaritza “normaldu” samarra zelakoan eta… hona non idoro dugun –hobe berandu sekula baino— ekonomia eta enpresa ere aztergarri izan daitezkeela euskarazko komunikabideetan.

Graneles

*Kazetaritzan ezezik, baita literaturan ere, Xabier Mendigurenen Vikingoen sorterrira (Elkar, 2010) ipuin-liburua lekuko. Aipagarri, besteak beste, "Arrainen pistina", segurutik lehen aldikoz gertatzen baita literatura-kontakizuna fabrika gaineko ur-biltegian. Ni hamasei urtez lan eginda nago urmaelpeko tailerrean. Baita teilatu gaineko ur txikietan igerian ikasia ere... arrain gorrien artean.

Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hiru ken lau (idatzi zenbakiz) ?
Erantzuna: