Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Amatiño / Ekonomia iraunkorrak 8.000 urte

Ekonomia iraunkorrak 8.000 urte

Amatiño 2009/12/03 11:03
Gobernu espainiarrak onartu berri duen egitasmo-legea tarteko, horra non hitzetik hortzera aipagarri dugun zorioneko “ekonomia iraunkorra”. Ohiko ekonomia zaharkituari muzin egin eta teknologia, berrikuntza, hezkuntza, trebakuntza, energia eta ingurumen-ekonomia suspertu nahi dituen legea omen da. Lege berria dela seguru eta iraunkorra izango ote den geroak esango du. Baina, zenbaitek besterik uste arren, kontzeptua ez da batere berria. Zortzi mila urte inguru ditu.

Alvin Toffleri jaramonik egingo badiogu gizateriak hiru olatu edo aldaketa nagusi ezagutu ditu. Lehena duela zortzi-hamar mila urte, Neolito aroarekin batera; bigarrena, moldiztegi ostean XVII. mendetik aurrera suspertu zen industria-iraultza eta hirugarrena, berriz,  globalizazioa, teknologia berriak, Interneta etab.

Hiru olatuetarik zein ote garrantzitsuena erabaki beharko bagenu, seguru gero atzekoz aurrerako errenkadan jarriko genituzkeela gehienok. Ulergarri dateke norbaitek industria-garaia eta inprimategia, globalizazioa eta Interneta baino garrantzitsuagotzat jotzea, baina inor gutxik esango luke arorik aipagarriena nekazaritza erakarri zuena izan zenik. Izan ere, globalizazioa bertatik bertara bizitzen ari garen arren, oraindik ere azken bostehun urteotako egiturez inguruturik jarraitzen dugu eta nekez bizi gaitezke XIX. eta XX. mendeetako asmakizunak alboratuz. Osterantzean, seguru gero anitz jendek uste duela Neolitorik gabe ere berdin bizi gintezkeela egun, nahiz eta ezina izan, noski.

Hala ere, alderantziz, bada uste duenik Neolitoa izan zela hiru olatuetatik handiena, sekula gizakiak egin duen jauzirik galantena, hil-ala-biziko urratsik izugarriena, aldaketarik traumatikoena, orain horrenbeste aipatzen den ekonomia iraunkorraren hastapena.

Biblia omen gizateriak jasandako trauma horren kronista zintzoa. Bibliak kontatzen digu beste ezein testuk baino hobeto Paleolitotik Neolitora bitarteko zorigaiztoko amildegia. Paleolitoa ehiztarien eta fruitu-biltzaileen paradisua da, eta Neolitoa, berriz, nekazari eta laborarien bizimodu latza. Paleolitoan, jendeak ez zuen lanik egin beharrik izan, gizaki aingerutiar samarra naturak eskaintzen zionaz baliatu zen, oharkabean biluzik eta haurgintza-minik gabe. Neolitoan, aldiz, gizakia bere biluztasunaz jabetu eta lotsatuko da, lana izerdiz egingo du eta haurrak minez ekarriko. Paleolitoa garbia da, Neolitoa zikina. Abel anaia ona ehiztaria da eta Kain gaiztoa, berriz, nekazaria. Jainkoari egingo zaizkion opariak ez dira sekula barazkiak izango, abereak baino.

Neolitoak erakarri zuen ekonomia, Paleolitoan ez zegoen-eta horren premiarik. Ekonomia iraunkorra gainera, lehen aldiz munduaren historian orduan gertatu baitzen naturak elikatu zezakeen baino gizaki gehiago bizi izana. Adituek diotenez, Paleolitoko natura-sistema 30 milioi biztanle elikatzeko gai baino ez zen. Neolitoak asmatu zuen, ordea, 1.000 milioi biztanle elikatzeko lehen ekonomia iraunkorra. Ondotik,  industria-ekonomiari esker 5.000 milioi izatera iritsi ginen eta globalizazioak 10.000 milioi ingururentzako ekonomia berria asmatu beharko du.

Zati baterako ekonomia iraunkorra baino ez, jakina, biztanleria egonkorra ez den bitartean nekez izago baita ekonomia guztiz iraunkorra. 

                               

                             
Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hiru ken lau (idatzi zenbakiz) ?
Erantzuna: