Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Amatiño / Eko Rallyaren eredua

Eko Rallyaren eredua

Amatiño 2019/10/15 11:40
Aurreko asteburuan eratu da, Bilbon, lehen Eko Rallya. Rallyak autoz egindako lehiaketak dira, baina irabazleak ez dira izaten helmugara lasterren heltzen direnak, zirkuitoa erregularren egiten dutenak baino. Eko Rallyak, berriz, erregularrenak izateaz gainera, energia-kontsumoaz ere eraginkorrenak direnak. Hau da, nork energia berdinez kilometro gehiago egin.

Bizitza lasterketa hutsa izan da oraintsu arte. Nor lasterrago ibili eta nor lehenago helduko. Joera berria, ordea, zera da: hobe dela bizitza Eko Rally-modura hartzea. Kontua ez dela bizkorrena izatea, erregularrena eta eraginkorrena baizik.

Ingurumena aipatu ahala, lehenago pentsatzen dugu besteek zer egin beharko luketen, norberak zer egin lezakeen baino. Erraz hitzegiten dugu industriaren aurka, kontuan izan barik, gurean etxeko lanak ondoen egiten dituztenak industriak direla. Zenbaitek esango du industriak ez direla eraginkorrak euren espiritu ekologikoarengatik, merkatuan lehiakorrak izateagatik baino. Tira, demagun baietz, baina, ezin uka, arrazoi batez zein bestez, enpresen kontsumoa trafikoarena, kale-bazterrena eta etxe-bizitzena baino eraginkorragoa dela.

Aitortu ez arren, gutako bakoitza da, behar baino kontsumo handiagoko autoa darabilena, etxean kalefakzio eraginkorrik ez duena, grifoak nekez ixten dituena eta bonbila zaharrekin darraiena. Ahaztu egin zaigun arren, euskal erakundeek 40 urte daramatzate esaten, energiarik merkeena, garbiena eta iraunkorrena dela kontsumitzen ez dena.

Ikerketa demografikorik berrienek diotenez, gaur egun zazpi mila milioi biztanle dituen mundu honek, hamaika mila milioi lagun izango ditu, oraingo jaioberriak zahartu orduko.

Galdera ezinbestekoa da: mundua gauza izango al da 11.000 milioi biztanleri erantzuteko? Izango al da urik, janaririk eta energiarik horrenbeste lagunentzat?

Adituek erantzuten digute baietz. Baina, munduak iraungo badu, baldintzarik garrantzitsuena ez dela izango biztanle-kopurua, biztanleon energia-eraginkortasuna baino. Eta, horretarako, derrigorrez, oraingo kontsumo-ohiturak aldatu beharko ditugula. Alegia, Eko Rally modura funtzionatzen hasi beharko dugula.

EUSKADI IRRATIA - Albiste faktoria

Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hogei ken bi? (idatzi zenbakiz)
Erantzuna: