Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Amatiño / EiTBk antenarik gabe emititu zuen eguna

EiTBk antenarik gabe emititu zuen eguna

Amatiño 2025/02/19 17:10
Gaur 40 urte, 1985eko otsailaren 19an, Euskal Telebistan zuzendaritza-arduraren bat genuen guztiok bilduak ginen goizeko 9etatik. Ordu erdi eskas geroago, Jon Aurre sare-arduraduna bilera-gelan sartu zen arineketan eta zeharo urduri bota: “Oizmendiko antena barik geratu gara. Ez dago!”

Jon Aurre munduan zehar itsasontzi handi-mandietako transmisio-lanetan hazitako teknikari aditua zen, baita ere, berbetan, edozein arrantzale bizkaitar bezain arteza. Guztiok ulertu genion zer esan zuen, baina ez (nik ez, behintzat) zer esangura zuen, 52 metroko antena garaua ez baita ziztu bizian Oiz gailurrean (1.026 m) desagertzen. Are gutxiago, desagertuz gero, emititzen jarraitzen.

Istripuaren berri nahi beste informazio dago gaur egun. Inor gutxik daki, ostera, zelan arraio Euskal Irrati-Telebistak jarraitu ahal izan zuen bere antenarik ezaz informazioa ematen, hain zuzen ere antenarik gabe geratu baldin bazen!

Azalpena ez da lar zaila, teknikaz ezer gutxi dakigunontzat ere. Laburbilduz eta molde errazetan esanda, Oiz gaineko antena-dorreak, EiTBren seinaleen funtsezko ardatza denak (edo orduan zenak), bi eratako sistemak ditu: mikrouhinak eta igorleak. Mikrouhinak dira hiritarrek ikusi edo baliatu ezin arren, EiTBren ekoizpen edo grabazio-zentroak lurraldeetako sare nagusiarekin (1) elkar-lotzen dituztenak. Eta igorleak, ostera, harako seinalea sare nagusitik hartu eta inguru hurbiletan zehar hedatu besterik egiten ez dutenak, hiritarrek ikusentzuterik izan dezaten.

Kontua da, Oizmendiko dorrean bietarik dagoela. Behealdean-edo, mikrouhin-sistema, seinalea Euskal Herrian barreiatzeko, eta gorenean, berriz, heda-antena edo hedagailu arrunta, Durangaldeko zein Bizkaiko itsasaldeko herrietan igorlearenak edo hedatzailearenak  egiteko. Hartara, ekialdeko Bizkai erdian seinalea amatatu zen arren, EiTBk ia ezer gertatu izan ez balitz bezala jarraitu ahal izan zuen, gainerako Euskal Herri guztian zehar seinalea sakabanatzen.

Hegazkinak gorengo eta lekuko antena igorlea moztu zuen, baina beheragoko mikrouhin-sistema orokorrak ikara handirik gabe kementsu eutsi ahal izan zion goiari (2).

1) Behar bada, Pagasarri, Oiz, Gorbeia, Jaizkibel, Aralar, Etxauri eta Kapildui.

2) Boeing 727-200 hegazkinak 90.000 kilo pisatzen du. 400 kilometro orduko zihoala, 52 metroko dorrea jo eta barreneko zimentarriek tinko eutsi zioten. Nonbait, dorrearen erresistentzia-mailak finkatu zituzten ingeniariak ez ziren txikikeriatan aritu. Nekez gero, inoiz, haize-ufada bortitzagorik. 

.

Oizmendi1
Gorenarekin talka egin aurreko unea. Segurutik pilotoek hainbat milisegundotan ikusi zuten leihotik antena pasatzen.

.

Oizmendi2
Hegazkinak hegoaz moztu zuen antena, lizpapera balitz bezala, baina beheragoko mikrouhin-sistemak lehengo lepotik jarraitu zuen.
Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hiru ken lau (idatzi zenbakiz) ?
Erantzuna: