EiTB: Luis Haranburu Altuna vs Maite Iturbe
Zaharra baino zaharragoa da gero (eta antzu samarra) Luis Haranburu Altunak dakarkigun sasipolemika. Ez dut batere uste Maite Iturbek telebista abertzalerik egin nahi duenik, eta bat nator Luisekin gizarte demokratikoaren aniztasuna aldarrikatzen duenean. Baina nago, ordea, bi plano arras berdinezetan ari direla, eta ez naiz ideologiaz ari.
Maitek nolabaiteko adostasuna lortu nahi du eta Luisek, aldiz, aukeran datorkion ziria sartu… zilegi zaionez gero, jakina. Maitek Eusko Legebiltzarraren zein audientziaren aurrean mila laguneko enpresa publiko baten kontu eman behar du eta Luisek, aldiz, bere publikoarentzako artikulu “egoki” bat idatzi. Nor da hemen anitzena?
Zer nahi delarik, EiTB da Euskal Autonomia Estatuaren fruitu eta, horretara, euskal “naziotasunaren adierazgarri”; baita euskal “burujabetasuna iristeko” legez sortua ere; eta erreferendumez onetsia, “bere helburuak lortzeko”. Eta hau ez da ezein komunitate abertzale sutsuren aldarrikapen larri soila, indarrean dagoen estatutu-ordenamendu demokratikoaren letra zehatza baizik. Gernikako Estatutua abertzaleegia ote?
Komenigarri litzateke gogoraztea Euskal Irrati-Telebistaren sortze-legeak (1982) zera dioela:
“… respetando el concepto de servicio público esencial, se configuran en la presente Ley los medios de comunicación social a los que la misma se refiere como instrumento capital para la información y participación política de los ciudadanos vascos, así como medio fundamental de cooperación con nuestro propio sistema educativo y de fomento y difusión de la cultura vasca, teniendo muy presente el momento y desarrollo del euskera, todo ello como base y fundamento para el adecuado desenvolvimiento de los derechos y libertades de los ciudadanos de esta Comunidad Autónoma”.
Auskalo helburu horiek abertzaleegitzat jo ote ditzakegun baina, kasualitatez baino ez bada ere, Espainiako Irrati Telebistaren Estatutuak zera zioen bi urte lehenago (1980):
“La radiodifusión y la televisión, configuradas como servicio público esencial, cuya titularidad corresponde al Estado, se concibe como vehículo esencial de información y participación política de los ciudadanos, de formación de la opinión pública, de cooperación con el sistema educativo, de difusión de la cultura española y de sus nacionalidades y regiones, así como medio capital para contribuir a que la libertad y la igualdad sean reales y efectivas."
Ulertu nahi duenak ulertu dezala.
---ooOoo---
Telegogoetak
- Nik ezagutzen dut lagun bat, duela ia berrogei urte esaten zuena, hizkuntza-kontuetan euskaldunok faxistak izan beharko genukeela. Honezkero hogeita hamar urte baino gehiago dira Maite Iturbe ezagutzen dudala, eta ez diot sekula horrelako aldrebeskeriarik entzun. Nor ari ote zozoarenak esaten?
- Segurutik EiTBk badu zer hobetzerik, baina nik ez dut inondik ere uste, Galizia, Andaluzia edo Madrilgo telebista publikoak, esaterako, ETB baino anitzagoak direnik.
- Segurutik EiTBren hainbat imintziori abertzale-punttua dario, baina nik ez dut ezelan ere uste, euskal irrati-telebista, espainiar irrati-telebista baino "abertzaleagoa" denik.
- Eta inork pentsatzen baldin badu Espainiako telebista pribatuetako kazetariek Euskal Telebistakoek baino informazio-askatasun gehiago dutela... Errauskineren mundu fantastikoan bizi da.