Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Amatiño / Eibartar eskizofrenia

Eibartar eskizofrenia

Amatiño 2015/05/09 11:55
Auskalo azken zortzi urteotako beherakadatik inoiz erabat aterako ote garen, baina honezkero inork ez du esango harako krisialdiak gure ahuleriak azpimarratu ez dituenik. Euskadirenak, oro har, eta Eibarrenak, nabarmen asko.

Euskal ekonomiaren datuak, emeki-emeki, kostata hobetzen ari diren arren, Eibarkoarenak, ostera, ezta hurrik eman ere gero. Batez besteko euskal Barne Produktu Gordina Eibarkoarena baino %21,5 handiagoa da, nahiz gurean horrelakorik inork aipatu gura ez.

Urteak joan eta urteak etorri, gure gaztetako Eibar ahaltsua batere enpresa traktorerik gabe geratu da eta sasoi batean, merkatuan, edozenbat marka ezagun (Lambretta, Alfa, Solac, AYA, BH, Orbea, El Casco etab.) zituen jatorria ia batere gabe geratu da gaur egun. Panorama tristea, larria, arduratzekoa. Itxuraz, behintzat, inor askorik kezkatu ez arren.

Ez dakit nik jendea ez den konturatzen, ez duen konturatu nahi, ala, honezkero, konturatzeko lain ere ez den. Nolabaiteko eskizofrenia bizi dugu, iraganeko distiraren eta etorkizun lausoaren arteko zaldainean zehar. Orain arte, nahiz luzaro etengabeko maldan behera jardun, sinetsi-edo sinetsi nahi izan dugu eibartar izakeraren harrotasunak noizbait aterako gintuela zulotik eta, aukeran, suspergarriagoa edo egokiagoa zitekeela harrokeriari darion baikortasun eraginkorra, etsipenak lekarkeen utzikeria etzea baino. Baina ez dakit ba nik ez ote dugun behingoz onartu beharko, harrokeria, antzua ez ezik, sakoneko arazoak ezkutatzeko aitzakia baino ez dela.

Eibarrek ez du aspaldidanik estrategiarik, plangintzarik, egitasmorik, etorkizun-senik, buruzagitza jakinekorik. Batek daki zerk, zeinek edo nork, baina, aurrera egingo bada, baten batek planto egin eta abiapuntu berriak proposatu beharko ditu.

Batetik, jabetu beharko dugu industriarik gabe ezer gutxi garela, ez dagoela "beti-kontra" aritzen jarraitzerik, eta oinordetzan hartu dugun mailari eutsi nahi izango badiogu, gure etorkizuna nekez izan daitekeela lantegi txiki osagarriez, tabernariez, dendariez, zerbitzariez eta funtzionarioez jositako hiria. Ala balio erantsi lehiakorra asmatzeko eta ezartzeko gauza gara, ala gureak egin du.

Bestetik, agintariak konturatu beharko dira, industria-politika ez dela enpresak ahalik eta zorrotzen hartzea; herri-administrazioak baduela egitekorik hiri-eredua definitzerakoan, erronkak proposatzerakoan, industriaren alde agertzerakoan. Eta laisser passer delakoa iheskeria hutsa baino ez dela.

Eibar zahartu egin da, errentaz biziraun da. Ala bere burua berrasmatzen du eta belaunaldi gazteak jabetzen dira jarrera aldatu eta ildo berriak urratu beharraz, ala euren seme-alabek alde egin beharko dute berandu baino lehen.

Eta, alde... Eibartik, Debabarrenatik, Euskal Herritik.

Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hiru ken lau (idatzi zenbakiz) ?
Erantzuna: