Eibarko motoziklogintzaren azken lekukoa
Mila milioi inguru txirrindu dago munduan. %10 edo, elektrikoak omen dira honezkero. Eta hiru urte barru, barrena, %20 izango dira. Orain zazpi-zortzi hamarkada, bizikletagintza zen Eibarko industriarik garrantzitsuenetakoa: Abelux, BH, Cil, GAC, Orbea, Torrot, Zeus… 1970eko hamarkadan sektoreak beherantza egin zuen Europa osoan, eta 1985etik aurrera berriro gorantza ekin zionean, Eibar jokoz kanpo harrapatu zuen andana berriak, nora ezean, bizikleta-kontua kontu zaharra zelakoan.
Nola-hala bultzatu beharreko bi gurpileko ibilgailu soila 1817an agertu zen estreinako. Pedal parea asmatu zenerako hogeitaka urte pasatu ziren; lurrin- edo erregai-motorra ezarri zitzaionerako beste hogeitaka; eta, hain zuzen ere, beste horrenbeste, 1897an. lehen bizikleta elektrikoa agertu zenerako. Hala ere, prototipo bitxi haien gainetik, bizikleta arrunta betidanik izan da ohikoena, pedalei nahitaez jo beharrekoa, ia-ia oraintsu arte, bederen.
Eibarren XX. mendearen hasieran* ekin zitzaion txirrinduak egiteari. Armagintzaren krisialdiak eragin zuen kainoien tutuak funtzioz aldatzea eta bizikleten koadroak egiteko baliatzea. Giro hartan sortu ziren BH, Orbea, GAC eta Abelux. Gasteizen berriz, Luis Iriondo eibartarraren eskutik, Torrot eta CIL. Eta bizikletagintzak erakarri zituen motordun ziklomotoreak, motozikletak eta scooterrak: BH, Mobylette, Velosolex, Torrot, Motobic eta Lambretta.
Gaur egun, haietatik, BHk (Gasteiz), Orbeak (Mallabia) eta Torrotek (Girona) baino ez dute merkatuan jarraitzen. Lehen biek bizikleta elektrikoak ere egiten dituzte. Horrez gainera, BHk gimnasiotarako hainbat aparailuren katalogo zabala du; Torrotek, berriz, baita bizpahiru erroberatako ibilgailuak fabrikatu ere. Eta Motobic zenak energia-arloan dihardu egun.
Lorenzo Zabala
Hain zuzen ere, aurreko astean hil zen, 93 urte zituela, Lorenzo Zabala, Motobic motozikletaren asmatzailea.
Hemezortzi urte baino ez zituela, Armeria Eskolan ikasketak amaitu ostean, Lorenzok burutu zuen, bere kasa, gasolinako motor txiki bat, eta etxean zuen Orbea bizikletari erantsi zion. Ondotik, 1948an sortarazi zuen “Fábrica de Motores, Ciclomotores y Motocicletas Motobic” lantegia, eta 1950-1960 hamarkadetan, hainbat zm3-tako moto-motak jarri zituen merkatuan.
1962an, Armeria Eskolak --sortu zeneko (1912) berrogeita hamar urte betezea zela-eta-- argitaratu zuen 280 orrialdetako bilduma, non garai hartako makina bat agintarik, inguruko udalek, kultura-ordezkarik (Juan San Martin, Jenaro Garate, Pedro Zelaia eta Carlos Santamaria tarteko) eta ehun inguru enpresarik modu batez edo bestez parte hartu zuten, iragarkiak jarriz eta zorionak opa izanez.
Diktaduraren giro estu-mestu hartan, 134 partaide edo lekukoren artean, euskaraz idazten ausartu zen bakarra, Lorenzo Zabala izan zen, 35 urteko enpresari gaztea.